"Sormeneko gaitasun handia egon da beti Galizian; merkaturatzeko ditugu arazoak"

Anboto 2011ko abe. 4a, 10:00

Anton Reixa sortzaileak Galiziako musika, poesia, telebista eta zinea ondo ezagutzen ditu. Gaur 12:00etan izango den inaugurazio ekitaldian kultura gutxituen antzekotasunak eta Galizia eta Euskal Herriaren arteko hartu-emanak izango ditu ahotan

Anton Reixa sortzaileak Galiziako musika, poesia, telebista eta zinea ondo ezagutzen ditu. Gaur 12:00etan izango den inaugurazio ekitaldian kultura gutxituen antzekotasunak eta Galizia eta Euskal Herriaren arteko hartu-emanak izango ditu ahotan.

 

Azokaren inaugurazioko berbaldiari ‘Galizia denok gara’ deitu diozu. Zertaz jardungo duzu bertan?

Izenburua ipintzerakoan  Negu Gorriak-entzako konposatutako Denok gara Malcom X-ekin gogoratu nintzen. Adierazi gura nuen, estaturik izan ez arren herri txiki garenon artean badaudela unibertsaltasun gako batzuk, kultura industrian bereziki osasuntsuak direnak. Berbaldian horren gainean berba egingo dut, batez ere, Galizia eta Euskal Herriaren arteko hartu-eman kulturaletan oianarrituta.

 

Zelako autoestimua dauka galegozko kulturgintzak?

1980ko hamarkadan, batez ere, sormenak indar handia izan zuen kultura arlo guztietan; literaturan, musikan, arte plastikoetan...  Arazoa, beharbada, 30 urte tan hazi horrek  behar beste fruitu eman ez izanada. Sormena eta lana badago, baina enpresa mugimendua eta administrazioen laguntza falta da. Muga asko gainditzeko puntuan egon eta nazioartera zabaltzera gindoazenean, krisia eta babes publikoaren murrizketa etorri ziren.

 \"\"

Joan zen asteburuan Culturgal azoka ospatu duzue.

Bai. Durangoko Azokara etortzeak ilusio handia egiten dit, Culturgalen sorreran gure eredua izan zelako. 2008an sortu zen. Profesionalentzako informazio asko daukan azoka da, eta publikoarentzako erakuslehioa, herritarrak euren kulturagaz harro sentitzeko lekua.

 

Administrazioaren politikak eragin zuzena dauka kulturgintzan.

Ezohiko egoera baten gaude. Hizkuntzaren normalizazioan aurreko gobernuak pauso batzuk eman zituen, etaherritarren zati handi batek pauso horiek naturaltasun osoz hartu zituen. PPko gobernuak atzerapausoak egin ditu legedia aldatuta. Horrek eragin zuzena dauka industria kulturaleko arlo guztietan. Dena den, eskuma boterean egon zein ez, diskurtso politikoan normalean kulturak ez du baliorik izaten, ez bakarrik identitateari begira; enpleguan eta aberastasun ekonomikoan daukan eraginari buruz ez da berba egiten.

 

 

Filmanova ekoiztetxean 12 urte daramatzazu beharrean. Ikus-entzunezko ekoizpenak osasuntsu daude?

Azken urteotan asko ikasi dugu eta produkzioa genero eta formatu askotara zabaltzea lortu dugu. Galizian horretarako gaitasun handia dago. Arazo handiena merkaturatzean eta nazioartera zabaltzean daukagu.

 

Musika eta zine arloan jardun duzu, besteak beste. Gazteek galegoz kontsumitzeko ohiturarik badaukate?

Kontsumitzaileak badira, produkzio hori eurengana heltzen den neurrian. Datu esanguratsua da, Os Resentidos taldea sortu geneuenean,  duela ia 30 urte, pop munduan galegoz kantatzen zuen talde bakarra ginelan; gaur ia 100 talde daude galegoz kantatzen dutenak. Zabalkunde handia egon da.

 

Zelako etorkizuna dator?

30 urte baino gehiago daramatzat zirkuan lan egiten, eta baikortasun kritiko bat edukitzea dagokit. Daukagunetik sortzen jarraitzea da kontua, eta elkarlana da giltza.

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!