Kultur adierazpei egokitutako gune berriekin zabalduko ditu ateak, bihar, Durangoko Azokak

Anboto 2011ko abe. 3a, 08:24

Durango euskal kulturgintzaren hiria izango da abenduaren 4tik 8ra Euskal Liburu eta Disko Azokagaz. Aurten, Gerediagak Azokaren inguruko gogoeta egiten dihardu. Iñaki Beobide Herri Gogoa disketxeko sortzaileak jasoko du Argizaiola omen saria, biharko ekitaldian

Durango euskal kulturgintzaren hiria izango da abenduaren 4tik 8ra 46. Euskal Liburu eta Disko Azokagaz. Aurten, Gerediagak Azokaren inguruko gogoeta egiten dihardu. Iñaki Beobide Herri Gogoa disketxeko sortzaileak jasoko du Argizaiola omen saria, biharko ekitaldian.

 

Durangori azoka usaina dario. Bihartik abenduaren 8ra bitartean euskal kulturaren erreferente izango dela jakitun, Gerediaga elkarteak hainbat nobedade prestatu ditu 46. Euskal liburu eta Disko Azokarako. 

Datuak

Nobedadeei dagokienez, aurten 434 izenburu argitaratu dituzte, iaz 505. Gehienak liburuak dira: 313; gainera, 63 disko, 23 aldizkari, 9 bideo, 15 liburu elektroniko eta 11 bestelako argitalpenak.

 

Azoka osatzen duten kaleetan 274 erakusmahai atonduko dituzte, iaz baino 9 gutxiago. 138 argitaletxeenak izango dira, 13 teknologikoak eta 14 berriak.

 

Gogoeta

Aurten euskarazko sorkuntzaren norabidean aurrera egitea du Azokak helburu. Nerea Mujikak Azokaren aurkezpenean azaldu zuenez, etorkizuneko Azokaren gogoeta burutzen jardun du Gerediagak azken hileetan.  Abenduaren 8tik aurrera ere plan estrategikoa garatzen jarraituko dute. Gogoeta horretan “publikoa, erakundeak eta herria” aldamenean edukitzea itxaroten dutela adierazi du.

 

Azoka hainbat kultur adierazpenetara zabaltzea izango da helburu nagusia.  Egitarau oparoa prestatu dute Azokak hartzen dituen guneetarako. Aurten hiru gune berri sortu dituzte: Irudienea, Szenatokia eta Kabi@.

 

Ahotsenea eta Berbaro euskara elkarteak antolatzen duen Haur Literatur Aretoa finkatutako guneak dira, dagoeneko, Azokaren egitarauan. Ahotsenean, euskarazko literatura eta musika sortzaileei eskainitako gunean, egunero 20 aurkezpen inguru egingo dituzte. Landako Gunearen alde batean kokatuko dute aurten ere karpa.
Haur Literatur Aretoak, berriz, 22 urte egingo ditu aurten. Seme-alabek eta gurasoek elkarregaz parte hartzeko aukera eskainiko dute aurten.

 

Hiru gune berri

 

Kabi@

Teknologia berriek euren lekua izango dute Azokan, Kabi@ gunean. Abenduaren 5ean eta 6an, euskaraz sarean eta euskarri teknologiko berrietan garatzen diren proiektu eta ekimenak izango dira gune honetara ekarriko dituztenak. UEU eta Euskal Wikipedia dira laguntzaileak.
Ander Lipus aktoreak Azokara datozen bisitarien laguntzagaz ipuin kontaketa interaktiboa eta inprobisatua egingo du. Abenduare 5ean, 11:00etan eta 19:00etan. Abenduaren 6an, euskal wikipediaren edizio-maratoia antolatuko dute. Auzolan-festa izango da euskal wikipediaren 10. urteurrenean.

Irudienea

Topagunea euskara elkarteen federazioak bultzatuta Irudieneagunea zabalduko dute. Euskal zinemagintza arloko sorkuntzak eskainiko dituzte, erakustazoka ondoan egokituko duten autobus batean, abenduaren 6tik 8ra.
Proiektatuko dituzten ikus-entzunezkoen aurrerapena abenduaren 6an 10:30ean aurkeztuko dute. 12:00etan, herritarrei zinema euskaraz hurbiltzea helburu duen  Eusko Jaurlaritzaren Zinema euskaraz programaren barruan, Azokan euskaraz argitaratutako filmak proiektatuko dituzte. Zortzi orduko emanaldia egingo dute, etenik barik.

 

Szenatokia

Antzerkigintza arloko euskal sorkuntzentza gunea prestatu dute San Agustin kulturgunean, EHAZEren laguntzagaz, abenduaren 4tik 8ra antolatu duten egitarauan. Abenduaren 6an Higa, Morritson eta Gartzia, Metrokoadroka eta Karrikaren eskutik antzerki maratoia jarriko dute martxan19:00etan .
Abenduaren 7an, berriz, hizkuntza gutxituak eta antzerkigintza izango dituzte berbagai, 18.30ean. Galegoz eta euskaraz ekoizten diren antzerki lanen  eta antzerkizaletasunaren inguruan jardungo dute Arthur Trillok, Jokin Oregik eta Ramon Agirrek. Moderatzailea Ane Zabala izango da.

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!