Gerra Zibilaren memoria historikoa gordetzearen garrantzia gazteei helarazteko bitarteko moduan komikia aukeratu du aurten Durango 1936 kultur elkarteak.
Atzo, Plateruenean aurkeztu zuten Unai Iturriagaren gidoiagaz eta Alex San Vicenteren marrazkiekin Elkarrek argitaratu duen Udaberririk ankerrena lana. Memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduen Durangoko elkarteko Maria Gonzalezek aurkezpenean azpimarratu zuenez, “gazteei begira, istorio hau plazaratzeko formaturik onena iritzi diogu komikiari”.
Komikia gazteei baina baita gazteak ez direnei ere zuzenduta dagoela azpimarratu dute Platerueneko aurkezpenean.
Unai Iturriaga gidoigilea, Alex San Vicente marrazkilaria, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren, eta Durango 1936 elkarko Maria Gonzalez batu ziren Durangoko Platerueneko aurkezpenean.
Tropa faxistak Intxortako frontearen kontrako azkeneko erasoaldiari ekitear direla, 1937ko udaberrian, aititagaz Durangora bidean doazen Mari eta Martin neska-mutikoak dira Udaberririk ankerrena laneko protagonista.
Martxoaren 31ko Elorrio eta Durangoren kontrako bonbardaketen lekuko izango dira Mari eta Martin, eta ondorengo “mendeku, umiliazio, erbestealdi luze eta abarren” testigu eta biktima.
Elkarteak egindako proposamena “hasieratik poz handiz hartu” zuela azaldu du Iturriagak. Gerra bonbardaketetara murriztu barik, besteak beste, “gerraostea ez zela gozoagoa izan, eta galtzaileen bandoan egoteak zer suposatzen zuen” ume biren begietatik kontatu du Udaberririk ankerrena honetan Iturriagak: “Hori dena sartu gura izan dut istorio honetan”, dio Iturriagak, eta 38 orriko lana da emaitza.
Sasoiari buruzko dokumentazioa Gerediaga elkarteak eskura ipini diola azaldu du Iturriaga gidoigileak, eta “Jon Irazabal eta Epi Garciak dokumentazio lanagaz lagundu izana” eskertu du.
Aurretik Xabiroi aldizkarirako jardun izan dute Iturriagak etaAlex San Vicente marrazkilariak elkarlanean, baina umorez kasu horretan. Honetan, oso bestelakoa da kontatzeko izan duten istorioa. Marrazkilariak azpimarratu duenez, “urte haietako giroa transmititu gura izan dugu: tonua aukeratzea izan da gaitzena”.
Unai Iturriagaren gidoia “oso teknikoa da”, azaldu du San Vicente marrazkigileak: “Bere irudiak dauzka buruan, eta asko errazten du horrek nire lana”.