Hilean behin batzen da Diego Galaz musikari gazte baina esperientzia zabalduna, Durangoko Musika eskolako biolin irakasleekin. Burgos jaioterritik Madrilera joan zenean ekin zion inprobisazioa lantzeari, eta hainbat musika taldetako jardunagaz uztartzen du irakaskuntza. Platerueneko abenduaren 2ko Jam Session-en ere jardungo du.
Zer harreman daukazu Durangoko musika eskolagaz? Zelan sortu zen?
Azken bi urteetan, Fiddle Camp izeneko hainbat topaleku antolatu dituzte, biolin jotzaileei zuzenduta. Batez ere musika herrikoiaren inguruan burutzen dira kanpamentu horiek, eta horietariko batean, Burgosko Crisol de Cuerdas izenekoan, ezagutu nituen Durangoko Musika Eskolako irakasleak. Horrela sortu zen Durangoko eskolako irakasleei klaseak emateko ideia. Eurek, ikasitakoa euren ikasleei transmititu diezaieten da helburua: horretarako sortu zen biolinagaz inprobisatu eta sortzeko hilabeteroko hitzordu hau.
Zer prestatu duzue abenduaren 2ko Platerueneko Jam Session-erako?
Edozein musikarirentzako oholtzara igotzeko aukera dira Plateruenean egingo duguna lako Jam Session-ak. Kasu honetan, saioari ikutu “biolinistikoagoa” emateko proposatuz deitu zidan Ander Ertzillak. Ibilia naiz saxo eta bateria artean Madrilgo Jam saioetan parte hartzen, eta uste dut aukera polita dela. Irakasleek, ikasleek edo gura duen edozein musikarik parte hartu ahalko du emanaldi horretan.
Zer moduzko esperientzia da zuretzat, Durangon bezala, irakasleei irakastea?
Oso betegarria da beti ikasteko gogotsu dagoenari klaseak ematea, eta gehiago biolinista oso onak direnekin jardutea. Hobeto erakutsi ahal izateko ikasi gura dute, eta horrek, asko esaten du euretaz.
Durangotik aparte non eskaintzen dituzu zure ikastaroak?
Musika Kreatiboaren Madrileko eskolan eman izan ditut hainbat ikastaro, eta Bartzelonako folk eskolan eta Burgosko kontserbatorioan ere aritu izan naiz. Zamoran eskainiko dut ikastaro bat, orain. Azpimarratzekoa iruditzen zait, Euskal Herrian eta Katalunian irakasleen formakuntza bereziki altua dela. Ikasteko oso gogotsu daude Durangoko irakasle hauek, oso gustora nago: beste kasu batzuetan, euren lanpostua lortu eta erlaxatu egiten dira.
Zelakoak izaten dira Bartolome Ertzilla musika eskolako saio horiek?
Etxerako lanen bat bidaltzen diet aurreko saioan: kanta bat prestatzea, gehienetan. Batez ere inprobisazioa dihardugu lantzen; akorde mapa bat, edo kanta baten harmonia antzematen ikasten gabiltza. Asko egin dugu aurrera. Lehen ez zuten inprobisatzen, edo ez zuten, esaterako, biolina instrumentu erritmiko moduan erabiltzen. Betegarriena da, hau guztia euren ikasleekin konpartitzen dutela gero: Musika eskolako ikasleek ez dituzte melodiak jotzen bakarrik, harmonia eta erritmoa ere lantzen dituzte, esaterako.
Klasikoaz bestelako musika hezkuntza eskaintzen da musika eskoletan egun?
Horrela da, bai. Irakaskuntza klasikoa izan arren, ikasleei horrez gainera zeozer gehiago irakasteko pausua eman nahi duten irakasleak egotea oso emozionantea da. Irakaslea musikaria da ezeren aurretik, eta musikari bati ikastea, hobetzea, aurrera egitea interesatzen zaio: zure klaseetan ikasleak aharrausika ez ibiltzea. Hori musika eskola arautuetara ere eramatea etorkizun oso itxaropentsu baten seinale da, nire ustez. Europan eta Estatu Batuetan aspaldi egin dute behar didaktiko hori.
Zer egitasmo daukazu epe laburrera?
Kulturari dagokionean murrizketa oso gogorren sasoia datorkigu, eta bizirautea izango da helburuetako bat. Baina, era berean, esperantza handiagaz bizi dut era berean sasoi hau, berrasmatu egin beharko baititugu gauza asko. Orain dihardudan proiektu guztiak dira musikatik jaiotakoak, eta oso gustora nabil. Business-aren munduan jardun dudan urteetan, gustoko ez nuen musika ere jo behar izan dut, inoiz.