Abenduaren 4tik 8ra liburuz, diskoz, adin guztietako euskaltzalez, bisitariz, lepo beteko den Durangoko Landakugunean, langileak erakusmahaiak eta gainontzeko azpiegiturak prestatzen zebiltzala, aldameneko Elkartegian egin dute Durangoko 46. Liburu eta Disko azokaren aurkezpena.
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakaria, Jon Irazabal Azokaren zuzendaria, aurten herrialde gonbidatua izango den Galiziako kultura sustatzen beharrean diharduen Culturgal elkarteko Roberto Fernandez ordezkaria, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea batu ziren aurkezpen ekitaldian, mahaiaren bueltan.
Azkeneko urteetan legez, Azoka egunetako ekitaldi guztiak biribilduko dituen gaia barik, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak azaldu duenez, “aurten, euskarazko sorkuntzaren bidean norabidea hartu” du Azokak. Mujikaren berbetan, etorkizuneko Azokaren inguruko gogoeta burutzen jardun du azken hileetan Gerediagak, eta abenduaren 8tik aurrera ere plan estrategikoa garatzen jarraituko dute.
Gogoeta horretan, “publikoa, erakundeak eta herria” aldamenean edukitzea itxaroten dutela azaldu du Gerediagako lehendakariak. Noranzko berri horren inguruan, azokaren zuzendariak azpimarratu duenez, “Azoka hainbat kultur adierazpenetara zabaltzea” izango da helburu nagusia.
Hain zuzen ere, euskal kulturgintzaren askotariko adierazpenen egoitza izateko, hiru gune berri atonduko dituzte abenduaren 4an ateak zabalduko dituen Azokan.
Hiru gune berri
Topagunea elkarteak bultzatuta, ‘Irudienea’ izeneko gunea zabalduko dute aurten: euskal zinemagintzaren sorkuntzak hartuko ditu autobus batek. Durangoko Azokan antzerkigintza arloko euskal sorkuntzei ere lekua egiteko, ‘Szenatokia’ gunea zabalduko dute, San Agustin kulturgunean; eta ‘Kabi@’ izeneko espazioa, sareko eta euskarri tenologiko berrietako ekimenak jasotzeko.
Aipaturiko gune berri horietan, eta, besteak beste, azken urteetan harrera beroa eduki duten Ahotsenea eta Haur Literatura Aretoan, Jon Irazabalek aipatu duenez, berrehundik gora kultur emanaldi izango dira abenduaren 4tik 8ra Durangon gozagai.
Argizaiola Beobideri
Urteetako tradizioagaz jarraituz, Azokaren aurkezpenean jakinarazi dtenez, Iñaki Beobide donostiarrak jasoko du Durangoko Argizaiola omen saria aurten.
Durangoko Azoka martxan jarri zenetik, 1960ko hamarkadatik 1981era arte, euskal kantagintzaren eta musika talde askoren lanaren zabalkundean zeresan handia eduki zuen Herri Gogoa diskoetxea sortu zuen, 1967an, Beobidek. “Euskararentzat garai errazak ez zirenetan egin zuen esfortzuagatik eta lanagatik”, esker ona agertu gura dio aurten Geredia elkarteak.
Anton Reixa sortzaile galiziarrak
Gerediaga eta Culturgal taldeen elkarlanaren isla da, besteak beste, Galiziako kultura izatea, aurten, Durangoko Liburu eta Disko azokaren gonbidatua, eta abenduaren 4an, Anton Reixa poeta eta musikariak egitea, 12:00etan, Azokaren inaugurazioa. Denok gara Galizia berbaldia eskainiko du, Landako Elkartegian.
Galizia eta Euskal Herriko kulturen elkarlanaren hainbat adibide jasotzen ditu 2011ko Durangoko Liburu eta Disko Azokako egitarauak: abenduaren 8rako, amaiera ekitaldi legez aurkeztu duten kontzertua, esaterako: Ugia Pedreira, Fred Martins eta Mikel Urdangarinek eraturikoa den Acrobatak proiektua. |