Orain urtebete inguru aurkeztu zuen \'Izarren argia\' filma Durangoko Baleuko ekoiztetxeak; Frankismoan Saturrarango emakumeen kartzela izandakoari buruzkoa zen film hura. Pelikula hura egin ondoren, azaldu digu Egoitz Rodriguez zuzendariak, "egitasmo berria gizarteratzeko beste bide batzuk zeudela" ikusita ekin zioten proiektu berriari.
Herritarren parte hartzean oinarritutako egitasmo batekin oroimen historikoa lantzerik bazegoela ohartu zirela kontatu digu zuzendariak, eta gizartea kolaboratzeko prest topatu dutela.
Herri bakoitzak bere historiari buruzko mezua zabaldu zuen Izarren argia filmagaz martxan ipini zuten Oroimenaren Autobusaren bitartez. Oraindik ere ezezagun ditugun historiaren zatiak kontatzeko asmoz sortu dute urtebete geroago, Zerutik sua dator.
Bederatzi hilabeteko lana izan da, “oroimen historikoa berreskuratzeko egitasmo” hau aurrera ateratzeko burutu dutena: otsailean aurkeztu zuten egitasmoa prentsaurrekoan, eta 37 herritako elkarteekin hasi ziren lanean.
Rodriguez zuzendariak azpimarratu duenez, “bizirik egon da denbora guzti horretan egitasmoa”: proiektuak aurrera egin ahala beste herri batzuetatik etorri zaizkie euren historiari buruzko testigantzak ekartzen.
Hiru lan-ildo bideratu ditu Zerutik sua dator filma emaitza eman duen egitasmo honek: bonbardaketa jasan zuten herrietako testigantzak bildu dituzte; lekuko horiek su baten inguruan batu, eta ondorengobelaunaldi birekin solasean ipini dituzte; eta solasaldiek sorturiko sentipenekin ikusentzunezko film laburrak osatu dituzte ekimenean parte hartu duten gazteek. Oroimena dokumentazio-zentruetatik atera, eta beste interesgune batzuetara eraman gura izan dutela azaldu digu Egoitz Rodriguez zuzendari gazteak.
Guzti horrekin, “oroimen kolektiboa landu dugu”, azpimarratu du Rodriguezek. Baleukok egindako kalkulu baten arabera, zuzenean edo zeharka, hiru mila lagunek baino gehiagok hartu du ekimen honetan parte.
“Nik esango nuke egitasmoa oraindik ere bizirik dagoela”, dio zuzendariak: “errealitate horiek azaleratzen jarraituko dute”.
Durangaldeko memoria historikoaren inguruko sua, Otxandion
“Oroimenarena itzali ez dadin”, Otxandion piztu zuten, zuzendariak azaldu duenez, Durangaldeko sua: “1936ko altxamendu militarraren lau egunetara, Otxandioren kontra burutu zutelako zibilen kontrako lehenengo bonbardaketa”. Durangaldeko hainbat lagun batu zituzte suaren bueltan, “gaurko gazteek, atzo gazte izan zirenen testigantza zuzena jaso, kontakizunaren haria jaso eta jarraipena eman” diezaion.
Otxandioko su horretatik sortutako hainbat ikusentzunezko jasotzen ditu besteak beste, Zerutik sua dator lanak: 9 emakume dantzari protagonista dituen Bonba dantza ikuskizuna sortu du Abadiñoko De Norte a Sur taldeak; herriak altxamendu militarra gertatu eta lau egunetara jasan zuen bonbardaketari buruz Otxandion burutu zuten herri-antzezpena eta Izarak lana; Elorrion sortu duten Biluzik, edo Durangoko eta Alemaniako Dresden hiriko umeak protagonista dituen Bakea ametsetan jasotzen du filmak.
Gerra Zibilak Bizkaian izandako eraginei buruzko berrogehita hamar testigantza baino gehiago jaso dituzte, eta 50 minutuko filma da emaitza. Su inguruko solasaldietan, 40 lagunek hartu du parte, eta hogeitik gora laburmetrai sortu dira. “Saiatu garena da, bizipen eta sentipenen aniztasuna islatzea hautatu ditugun zatiek”, azaldu digu zuzendari gazteak.
Bilboko Zinebi jaialdia aukeratu zuten egileek estreinaldirako, eta Guggenheim museoan erakutsi zuten, joan zen astean, filma lehenengoz. Josune Ariztondo kultura diputatuak, Eduardo Barinaga ekoizleak, filmaren zuzendariak eta protagonistetako batek hartu zuten aurkezpenean parte.
“Herriak sortu duena herriri itzuli gura” diotela adierazi du zuzendariak. Parte hartu duten herri guztietan emango dute filma: “herri bakoitzak erabakitako eran”. Filmak ez du baina, ibilbide komertzialik izango.