Aldundiak Gerediaga elkarteari emango dio Lauaxeta saria

Anboto 2011ko aza. 17a, 13:07

Bizkaiko Foru Aldundiaren VII. Lauaxeta Saria abenduaren 1eko ekitaldian jasoko du Gerediagak

Bizkaiko Foru Aldundiaren VII. Lauaxeta Saria abenduaren 1eko ekitaldian jasoko du Gerediagak.

 

Gerediaga elkarteak Liburu eta Disko Azokaren antolaketaren azken txanpan albiste pozgarria jaso du. Bizkaiko Foru Aldundiak urtero ematen duen Lauaxeta Sariaren VII. edizioa elkartearentzat izango da aurten. José Luis Bilbao ahaldun nagusiak emango du saria, abenduaren 1ean goizeko 11:00etan, foru jauregian egingo duten ekitaldian. Sari banaketan Miren Josune Ariztondo kultura foru diputatuak ere parte hartuko du.

 

Aldunditik azaldu dutenez, Lauaxeta Saria sari sinbolioa da, eta Bizkaian euskara zabaldu, sustatu eta normalizatzeko eginiko ahaleginagatik nabarmentzen diren irabazi asmorik bako taldeak edo pertsonak saritzen ditu. Elkartekide guztiek eginiko lanari esker, Gerediaga elkarteak hainbat lan arlo garatu ditu: Durangaldeko ondare historiko, artistiko eta dokumentala berreskuratzea, folklore adierazpenak mantentzea, eskualdearen iragana ikertzea eta ikerketa lan berriak sustatzea; hori guztia, Durangaldea ezagutaraziz eta tokiko erakundeei aholkularitza eskainiz.

 

Sorrera

Gerediagaren helburuak ondarea zaintzea, ikertzea eta zabaltzea direla azaldu dute elkartetik. 1965ean sortu zen, eta bere kezka nagusia eskualde kontzientzia sortzea ei zen: “Horrela, urteetan, eskualdeak nortasun propioak izan zituen. Nortasun horretan oinarrituta, elkartearen helburuetako bat kontzientzia komuna berreskuratu eta zaintzea da, berezko ezaugarriak babestuz eta ahaztuta daudenak berreskuratuz”.

 

Artxibategia

 

Ikerketari dagokionez, Gerediagak hainbat arlo jorratzen ditu: eskualdearen historia, antolaketa eta gizarte ezaugarriak, kultura, gizarte eta ekonomia ondarea... Daudenak gorde eta galdutakoak bilatuz, Durangaldeko dokumentategia helburu horren ardatz bilakatu dute. Gerediagako artxibategian eskualdeko historiaren dokumentu garrantzitsuak bildu dituzte.

 

Zabalkundeari dagokionez, eskualdearen garapenerako ,Durangaldeko bizi kalitatea hobetzeko eta eskualdearen batasuna berreskuratzeko, ondare historiko kultural eta soziala ezagutaraztea ezinbestekoa dela azaldu dute.

 

Gerediagaren ibilbidean nabarmentzekoa da 46. Durangoko Liburu eta Disko Azoka antolatzen diharduela. Aurtengo aldian, abenduaren 4tik 8ra bitartean Durango euskal kulturgintzaren erreferente izango da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!