Azaroaren 3an, 20:00etan, Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu izango da Platerueneko Kantuaren Kantoia zikloan. Puntako lau euskal musikari izango dira lau eguenetan, berbaldi musikatuetan.
Durangoko Plateruenetik Kantuaren Kantoia berbaldi musikatuen proposamena luzatzen diguten hirugarren aldia da azaro honetakoa. Azaroko lau eguen iluntzetan, 20:00etan hasita eta doan izango dira berbaldi musikatuen hitzorduak. Aurreko edizio bietan legez, Jonan Hernandez kazetari durangarrak gidatuko ditu kantagintza ardatz izango duten saioak.
Berri Txarrak, Ken7, Mursego eta Gose taldeetan jarduten duten musikari eta kantariak dira azaroaren 3, 10, 17 eta 24ko Platerueneko elkarrizketa eta emanaldietako protagonistak. Lau talde horietan ahotsa ipintzen duten lau musikari euskaldunekin daukate musikazaleek zita: Gorka Urbizu, Eñaut Elorrieta, Maite Arroitajauregi eta Ines Osinaga kontzertu jendetsuetan baino giro lasai eta gertukoagoan arituko dira, kantak, erantzunak eta proposaturiko gaiei buruzko gogoetak entzuleekin konpartitzen.
Oholtza gainetik euren taldekideek lagunduta eta ehunka entzuleren aurrean jardutera ohituta dauden musikariak, zaleen aurrean, giro gertukoago, etxekoago eta gozoagoan jarduten dira Platerueneko Kantuaren Kantoia zikloan; kantak eta azalpenak tartekatzen dituzte.
Musikarion kantak giro intimoan entzuteko aukera izango da, beraz, azaroko lau eguen iluntzetan, Durangoko Plateruenean: musikariek kanten sorkuntzari eta beste hainbat gairi buruz konpartitu gura dituzten bitxikeriak ezagutzekoa.
Orain urte biko udagoienean lehenengoz antolatu zutenetik, Euskal Herrian musikagintzan diharduten puntako musikariak igaro dira Platerueneko eszenatokian atontzen duten oholtzatik; Anari, Mikel Urdangarin, Txuma Murugarren, Petti, Aiora Renteria, Imanol Ubeda, Rafa Rueda eta Xabi Bandini izan dira aurreko urteetan.
Abuztu amaieratik Berri Txarrak taldeak azaro amaieran kaleratuko duen Haria diskoa grabatzen diharduen Gorka Urbizu nafarrak zabalduko du, beraz, Platerueneko Kantuaren Kantoiaren hirugarren edizioa, azaroaren 3an. Hiruko formazio berriagaz taldeak kaleratuko duen hamabi kantako zazpigarren disko horretaz ere jardungo dute, segurutik, Kantuaren Kantoian.
Azaroaren 10ean, Eñaut Elorrieta
Azaroaren 17an, Maite Arroitajauregi
Azaroaren 24an, Ines Osinaga