Kulturaleko gazteek badute maila

Anboto 2011ko urr. 30a, 08:02

Agirregomezkortak gazteen taldera jo beharko du lesioek hezurretan utzi duten taldea osatzeko: \'Lasaitasuna ematen du maila ona eskainiko duten gazteak badaudela jakiteak\'

Agirregomezkortak gazteen taldera jo beharko du lesioek hezurretan utzi duten taldea osatzeko: “Lasaitasuna ematen du maila ona eskainiko duten gazteak badaudela jakiteak”.

 

Durangoko Kulturalak Eibar hartuko du gaur etxean, eta Mikel Agirregomezkorta entrenatzaileak lehenengo taldeko 14 jokalari bakarrik dauzka jokatzeko moduan. Lesioek gogor astindu dute taldea liga hasiera honetan. Gainera, askotariko lesioei, txartelen ondorioz baja direnak gehitu behar zaizkio. Ondorioz, gazteen taldeko jokalariekin osatuko du taldea Kulturaleko entrenatzaileak.

 

Lesioen arazoak ia-ia endemikoa dirudien arren, Agirregomezkortak alderdi positiboa aurkitu dio egoerari: “Aurten gazteei deitu behar izan diegu behin baino gehiagotan, eta ondo erantzun dute. Entrenatzaile bati lasaitasuna ematen dio edozein unetan maila emango duten gazteak badaudela jakiteak”. Esaterako, joan zen asteburuan Beñat Arruabarrena deialdian sartu zuen, eta oraingoan ere gazteen taldekoek lehenengo taldeko kide izateko aukera izango dute.

 

Orain arteko hamar jardunaldietatik bost irabazi ditu Durangoko Kulturalak, eta “gutxigorabehera itxaron zitekeen tokian” dago, zazpigarren, play off postutik bost puntura. Dena dela, orain arteko uzta oparoagoa izan zitekeen etxetik kanpora zuhurrago ibili balira. Kanpoan jokatutako bost partidatatik lau hamar jokalarigaz amaitu dituzte, eta eragozpenik gehienak lehenengo zatian etorri dira; larrutik ordaindu dute: Kulturalak jaso dituen 14 goletatik 10 jokalari bat gutxiagogaz zeudela jaso dituzte. “Zerbaitegatik gertatu da, eta aztertu egin beharko dugu berriro horrelakorik gertatu ez dadin”.

 

Dena dela, oro har, Agirregomezkorta gustura dago taldea ematen dabilenagaz: “Konpromisoa ikusten dut. Taldea lanerako dago. eta oso gustura nago denekin”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!