Emakumeen talde nagusiak iaz negargarri hasi zuen denboradia; aurten hiru patidatik hiru garaipen daramatza eta lidertzan dago.
Tabirako Baqué emakumeen talde nagusiak ezin hobeto hasi du denboraldia. Egia da orain arte mailako talderik ahulenetarikoen kontra jokatu duela, baina hirutik hiru garaipen lortzea ez da kasualitatea. Iaz antzeko taldeen kontra galdu egiten zuen; lehenengo hamar partidetatik bederatzi galdu zituzten. Aurten, oraingoz, jokatutako dena irabazita, lidertza partekatzen dute Caja Vital, Bera Bera eta Atletico San Sebastian indartsuekin.
Hasiera on horrek taldean zein zaleen artean “ilusioa piztu” duela onartu du Alberto Molina entrenatzaileak. Bera ere gustura dago Tabirako Baquéren errendimenduagaz: “Iaz baino talde hobea dugu, baina animoari dagokionez ere hobeto gaude. Taldea batuta dago, talde osoa, gehien jokatzen dutenak zein gutxien jokatzen dutenak”. Horren adibide da joan zen astean Nafarroan UPNAren kontra lortutako garaipena: “Partida osoan aurretik joan ondoren, hirugarren laurdenean harrapatu egin gintuzten. Iaz, egoera berean behera egingo genuen, baina aurten unerik txarrenetan hazi egiten gara, eta berriz ihes egin genuen. Denok bat izan ginen, aulkian zeudenak izan ziren taldea uneoro animatu zuten lehenengoak”.
Une gozoak ez du betirako iraungo. Molinak argi du mailako talderik indartsuenen kontra egiteko gutxi dutela, baina bitartean garaipenak pilatzen joateko asmoa dute. Hurrengo erronka Azpeitiako Zurt Taberna taldea etxean hartzea izango da: “Irabazteko partida dugu”.