Urriaren 28an, 20:30ean hasita, ospatuko dute zabaldu zuteneko zazpigarren urteurreneko jaia Durangoko Plateruenean; \'Bertsoen, musikaren eta dantzaren inguruan\' batuko dira. Erika Uranga kultur eragile berria aurkeztuko dute
Bazkideei, militanteei zein Plateruenaren erabiltzaile guztiei egin diete urriaren 28an burutuko duten 7. urteurreneko jaira gerturatzeko gonbita. “Asmoa, arratsalde lasai eta gozo bat igarotzea da”, Beñat Gaztelu-Urrutia Platerueneko kudeatzailearen berbetan: “Jan-edanean eta gozatuz elkarrekin egotea”.
Euskal kulturgintzaren Durangoko topalekua zabaldu zuteneko zazpigarren urteurrenerako ailegatu da Erika Uranga, zabaldu zutenetik orain arte Platerueneko programatzaile izan den Asier Iturriagaren ordezko izango dena.
Asteon Platerueneko bulegoetan hartu gaituzte Erika kultur eragile berriak eta Beñat Gaztelu-Urrutia Platerueneko kudeatzaileak, eta urriaren 28ko urteurrenerako prestatu duten egitarauaz, zazpi urteoi begiratuta egiten duten balantzeaz, epe luzerako erronkez eta beste hainbat konturi buruz egin dute berba.
Plateruenaren orain zazpi urteko hasierari begira, “oso modu intuitiboan hasi ginen lan egiten”, dio Beñatek: “Egitaraua topera betetzen genuen, momentu batzuetan lar hausnartu barik”. Azken hiru urteotatik hona, baina, “egitarau propioaren, Zilarrezkoen lerroa egonkortzea da lortu duguna: euskarazko herri kulturgintza sustatzeko hainbat hitzordu finkatu ditugu”. Orain arteko fruiturik onenak DF bertsozale eskola, Kantulagun, Kantuaren Kantoia, AIKOren dantza saioak, eta Zilar Astea dira.
Erika Uranga kultur eragile berriak ere “herritarren parte-hartze zuzena sustatzen duten ekitaldi horiek indartu behar” direla uste du. Jendea ekimen horietara erakartzea ikusten du 28 urteko zornotzarrak erronka nagusien artean; “horretan saiatuko naiz”, esan digu. Ikasketei dagokienez, historialaria da Platerueneko kultur eragile berria.
Gaztelu-Urrutiak azaldu digunez, “lanposturako hautaketan, kontzertuak programatzera mugatuko den musikazale bat baino gehitxoago gura genuen: formakuntzaz gainera, herri mugimenduetan parte hartua, iniziatibaduna eta ekintzailea izatea baloratu dugu; eta gaztetasuna ere bai”.
“Sona handiko ikuskizunekin itsutu barik, herritarrengandik gertukoen den mailan dihardugu konbentzimentu osoz lanean”, dio Beñatek: “Kultura kontsumitzeak indibidualki aberasten du bat, baina elkarlanean eta parte hartzean oinarritutako ekimenek kolektiboki aberasten gaituzte”.
Azokako egitaraua
Abenduko Durangoko Liburu eta Disko Azoka izaten da Platerueneko egitarauan, proportzioan, eskaintza ugarieneko sasoia. Aurten, Gerediaga elkarteak antolatu duen 46. edizioan ere, abenduaren hasieran Plateruena izango du musikari askoko euren lanak Euskal Herri osora zabaltzeko oholtza. Urte guztian zehar dute Plateruenean “ahal den neurrian, euskal ekoipen guztiak eta atzerrikoak ere hartzeko helburua”, eta Durangoko Liburu eta Disko Azokako egunetarako ere hainbat disko berriren aurkezpenak dauzkate lotuta: abenduaren 2an hasita, besteak beste, Governors, Lisabo, Kerobia, Ze Esatek, Esne Beltza eta Etxek zuzenean joko dituzte disko berrietan bildu dituzten kantak. Abendua ailegatu orduko, baina, urriko eta azaroko egitaraua ere prest daukate Plateruenean. |