Durangoko Sanfausto jaien egitarauaren barruan, urriak 22an eskainiko du Silboberri txistu elkarteak emanaldia.
Durangoko Sanfausto jaien egitarauaren barruan, urriaren 22rako antolatu du Silboberri txistu elkarteak 150 parte-hartzaile batuko dituen kontzertua. XVII. edizioa izango da zapatuan, 20:00etan, Landako Guneak hartuko duena.
Durangaldeko eta Euskal Herriko hainbat musikari batuko dira urriaren 22ko hitzorduan: Durangoko Bogoroditsie abesbatzak, Inmaculada Martinez sopranoak, Oreretako dantza taldeak, dantza garaikidean diharduen Tantai taldeak, metalen boskote batek eta perkusio-, baxu-, eskusoinu- eta pandero-jotzaileek joko dute hitzordu horretan.
Hamabi obra eskainiko dituzte zapatuko kontzertuan; estreinaldiak izango dira horietako lau, eta harmonizazio berriak ere interpretatuko dituzte. Musika emanaldiekin uztartuta, zapatuan, LandakoGunean ikusgai izango dena, eszenaratze eta koreografia lana ere izango da.
David Azurza, Hilario Extremiana, Ruper Lekue, Jabier Ituarte, Jon Etxeandia, Karlos Sanchez Ekiza, Tomás Aragües, Isidro Ansorena, Pepe Blasco, Joaquin Lacumberri eta Jose Luis Franzesenaren lanak jasotzen ditu kontzertuko programak, eta Jabier Ituartek jardungo du kontzertuan, zuzendari lanak burutzen.