"Euskadik maila itzela izan du, baina belaunaldi berria falta da"

Anboto 2011ko urr. 16a, 09:11

Virginia Sagardui (41 urte, Durango) Durango Ilarduya emakumeen taldeko entrenatzailea da. 2012an hasiko duten ligarako jokalariak behar dituzte. Jokalari eskasia, ordea, ez da DRTren arazoa bakarrik, Euskal Herri osoari eragiten dio

\"\"Virginia Sagardui (41 urte, Durango) Durango Ilarduya emakumeen taldeko entrenatzailea da. 2012an hasiko duten ligarako  jokalariak behar dituzte. Jokalari eskasia, ordea, ez da DRTren arazoa bakarrik, Euskal Herri osoari eragiten dio.

 

Hiru lagunen artean entrenatzen duzue taldea...

Jokin Azpitarte, Eider Alberdi eta hiruron artean. Jokinek esperientzia handia du; nire entrenatzailea ere izan zen. Eider jokatzen aritu da oraintsu arte, eta zeregin berriak esperientzia hartzeko eta ikasteko balioko dio. Laster lan-talde honetara Olatz Fernández de Arroiabe batzea ere itxaroten dugu, Euskadiko zein Espainiako selekzioko jokalaria izana. Ni Euskadiko hautatzaile izan naiz azken urte bietan, eta hauxe da nire lehenengo urtea Durango Ilarduya entrenatzen.

 

Aurten zenbat jokalari daude emakumeen taldean?

Hamar bat izango gara guztira, eta horietako hiru-lau dira berriak; denak hasiberriak, aurretik errugbian jokatu gabeak. Orandik entrenemendu gutxi egin dugu, baina gustura daudela uste dut eta ederto egokitu dira taldera.

 

Jokalari falta ez da DRTren arazoa bakarrik, Euskal Herri osokoa baizik. Zergatik ote da?

Emakumeen errugbian kategoria bakarria dago, nagusiena. Beheragoko mailarik ez dago, haur kategorietara arte; maila horretan neska-mutilek elkarrekin jokatzen dute. Horrela gaitzagoa da gaztetxoak nagusien taldera heltzea: salto handia dago haur mailatik nagusietara. Orain arte jokalari onak egon dira emakumeen errugbian, eta garaipen inportanteak lortu dituzte, baina belaunaldi berria falta da. Ez dakit erantzukizuna norena den; klubena, federazioena edo biena: hori aztertu beharreko kontua da. Euskadik maila itzela izan du. Iaz Selekzio Autonomikoen Espainiako Txapelketan bigarren geratu ginen, eta orain urte bi irabazi egin genuen; diodanak kontraesankorra dirudi, baina hori da gertatzen ari dena.

 

Euskadiko Rugby Federazioa jokalarien kontzentrazioak egiten hasi da emakumeen errugbia sustatzeko. Hernanin izan ziren lehenengo topaketak. Zelan egon ziren?

Espero baino jende gehiago batu zela esan dute. Alde batetik, entrenamendu saioak egin dituzte, alderdi teknikoa zein taktikoa lantzeko. Baina kontzentrazio horiek jokalariek eta taldeek elkar ezagutzeko topagune izan daitezen ere antolatu dituzte. Gertatu daiteke herri batzuek taldea osatzeko jokalari nahikoa ez izatea, baina arazo bera duten beste batzuekin elkartuz gero, posible izan daiteke taldeak sortzea. Gero talde horiekin torneo bat egitea da asmoa, lehiatzeko aukera izan dezaten. Ikusiko dugu asmoak aurrera egiten duen. Hala ere, Federazioaren ekarpenagaz batera, klubetan ere lan egin beharra dago.

 

Durango Ilarduyak Sukia errugbi eskola du.

Gazteen trebakuntza oso garrantzitsua da guretzat, hortik datozelako gure jokalari berriak. Okerrena da eskolan ez dugula neska askorik. Durangaldean futbolak eta saskibaloiak indar handiagoa dute.

 

Zelan konbentzitu dezakegu errugbian hasi ez hasi dudatan dagoen neska bat?

Kirola egiteko modu ona da, osasuntsua da. Gainera, egindako lagun  talde bat aurkituko du, eta ez nesken artean bakarrik, baita mutilekin ere. Lehiatzeko taldea osatu gura dugu, baina baita ondo pasatzeko taldea ere. Astelehenetan, martitzenetan eta barikuetan, 19:00etan entrenatzen dugu Arripausuetan, eta hantxe bertan eman daiteke izena; Rugby tabernan ere eskatu daiteke informazioa. Gutxienez hamabi jokalariko modalitatean jokatu gura dugu, gaitz dagoen arren. Une honetan, orratzekin hartuta dago taldea, egia esanda. Dena dela, ez dugu mezu negatiborik ematerik gura; gu itxaropentsu gaude eta taldea izango dugun konfiantza dugu.

 

Euskadiko Selekzioko hautatzaile izatea zelako esperientzia izan zen?

Urte politak izan ziren; maila handiko taldea genuen.  2012n, Londresen, zazpiko errugbia kirol olinpikoa izango da eta euskaldun batek baino gehiagok du joateko aukera.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!