Magdalenaren ipuin ilustratua Elkarren irakurle berrien sailean

Anboto 2011ko urr. 12a, 09:03

Martitzenean aurkeztu zuen Peru Magdalenak \'Txomintxo eta Perutxo bakarrik geratu dira etxean\'

Martitzenean aurkeztu zuen Peru Magdalenak Txomintxo eta Perutxo bakarrik geratu dira etxean.

 

\"\"Ilustrazioekin nahasketa oso polita lortu duzue.

Bai, horretan asmatu dugula uste dut. Elkar argitaletxeak proposatu zidan Iosu Mitxelena ilustratzaile azpeitiarragaz lan egitea. Perspektibagaz asko jokatzen du: umeen ikuspuntutik, handiagoak dirudite espazioek, denbora luzatu egiten du... Bere irakurketagaz asko eman dio istorioari: kolore ilunagaz hasten da, eta ipuinak aurrera egin ahala argitzen doa marrazkien kolorea...
 

Zelan sortu da liburua argitaratzeko aukera?

Noizean behin zertan nabilen galdetzeko deitzen didate argitaletxetik, eta horrela esan nien Txomintxo eta Perutxo hauen hainbat istorio neuzkala idatzita. Bidali nizkien, eta bategaz probatzeko proposamena egin zidaten.   

 

Zure eta anaiaren izenak ipini dizkiezu protagonistei.

Hasieran beste izen batzuk ipini nizkien, baina gero, anai bikiak izanik, gure izenak ipintzea pentsatu nuen zela aproposena.

 

Badarabilzu umeei zuzenduriko beste lanik eskuartean?

Pertsonaia hauekin beste bi istorio idatzi nituen duela gutxi, eta beti edukitzen ditut ideia berriak; beti nabil ideiak apuntatzen. 

 

Hizkuntza edo egiturak umeentzako osatzen dituzu?

Dibagazioetan ez naiz oso urrun joaten umeentzako istorioetan, eta gehiago da ekintzak kontatzea. Baina ez da erraza esaten...

 

Esaldi laburragoak erabiltzen dituzu umeentzat idaztean?

Bai, baina, dena den, egia da osterantzean ere ez ditudala esaldi luzeak idazten nik... (barrez).

 

Istorioaren interpretazioetako bat izan daiteke askatasunari diogun beldurraz ari zarela...

Bai, izan liteke, nahiz eta nire kasuan, ideia bat transmititzeko asmoa ez dudan aurrez oso pentsatuta edukitzen. Umeei zuzenduriko istorio honen kasuan, gehiago da umetan bizitzako beldur eta amegaiztoak kontatzea.

 

Inguruko umeen jarrera eta egoeretan oinarritzen zara ala zeu ume zineneko akorduan?

Egia esan, ez dakit oso ondo... Alaba daukat hiru urte eta erdikoa, eta haren gauzetan ere badihardut: berarentzat ekartzen ditut ipuinak, eta mundu eta adierazpide horietara gerturatu naiz.

 

Memorian fresko dauzkazu umetako sentsazio horiek?

Bai, umearoa oso sasoi bizia delako: momentu pozgarriak eta ilunak ere oso indartsuak dira umetan. Inseguridadeaz eta beldurrez, gauzak deskafeinatu barik gura izan dut jardun. Umearotik bizirik atera eta honaino ailegatu gara; ez da hain txarra.   

 

 

“Idatzi ahala joaten naiz topatzen eta istorioagaz jarraitzeko hariari tiratzen”

 

Osterantzean ere ez dituela esaldi luzeak erabiltzen eta Txomintxo eta Perutxo bakarrik etxean honetan ere, ekintzetara, apaindura gutxi erabiltzera jo du idazle durangarrak. Aurretik, bere testua eta Iraia Okina iurretarraren ilustrazioak dauzkan Ilania argitaratu zuen umeentzako literaturaren atalean Magdalenak. Martitzenean, Donostian aurkeztu zuten ipuina ere irakurle berrien sailean zabalduko du Elkar argitaletxeak.

Orain urte pare bat kaleratu zuen Hutsik liburua lako olerkigintza lanak eta haur literaturako piezak sortzeko prozesuak ez dira “diruditen besteko prozesu desberdinak”, Peru Magdalenaren ustez: “Sekula ez dut aurrez gehiegi planifikatzen, eta idatzi ahala joaten naiz topatzen eta jarraitzeko hariari tiratzen”.


Elkar argitaletxeagaz zabaldu aurretik, besteak beste, alabagaz probatu du Txomintxo eta Perutxo bakarri etxean ipuina, egileak kontatu digunez: “Ez zitzaiola gustatu esan zidan”. Abadiñon eskolak ematen egon zenean ere irakurri omen zien umetxo batzuei istorioa, eta deneriko erreakzioak sortu ei zituen. Umearoko beldur eta abentura txikien kontakizuna dira liburuko Magdalenaren berbak eta Mitxelenaren ilustrazioak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!