Urriaren 5ean izango da, 19:30ean, “bisita gidatu antzeztu” berezi hau egiteko aukera San Agustin kulturgunean.
Urriaren 5ean da, 19:30ean, San Agustin kulturgunean antolatu berri duten “bisita gidatu antzeztuan” parte hartzeko lehenengo aukera. Antzokia bera eta antzerkia barrutik, gertuagotik, eta beste ikuspuntu batetik ezagutzeko proposamena da kulturgunetik antzerkizaleei luzatu dietena.
Ikasturte berrirako Durangoko kulturgunean prestaturiko nobedadeetariko bat dira urriaren 5ean eta azaroaren 9an aukeran izango ditugun bisita gidatuak. Ganso & Cia “durangartutako clown-ak” zuzendu eta Karrika taldekoek burutuko dute antzerkiaren eta aretoaren zirrikituak erakusteko antzezpena.
“Ezustez beteriko bidaia da” proposatzen dutena. Antzerkiaren eta antzokiaren barrunbeetan bidaiatuko dute eta, besteak beste, kutxa beltza, eszenarako makinaria, aldagelak... antzerkiaren sekretuak bistaratuko dizkiete antzerkizale eta bisitariei.
Doan izango dira bisitak, baina izena eman beharra dago, talde txikiak osatu gura baitituzte: sanagustin@durango-udala.net Interneteko helbidea, zein 946030021 telefonoa baliatu daitezke izena emateko.
Urriaren 5eko lehenengo hitzorduan bisita gidatuetan parte hartzerik ez duenak azaroaren 9an, 19:30ean, izango du San Agustinen bigarren aukera.