Zapatuan hasiko dute denboraldia; gizonek bigarren faserako sailkatu gura dute eta emakumeek ere talde sendoa osatu dute.
Landako kiroldegia lepo bete zen Tabirako Baquéren talde guztien aurkezpen ekitaldian. Gaztetxoenetatik nagusienetara, banan-banan irten ziren talde guztiak kantxa erdira argazki ofiziala ateratzera. Baina ospakizunak amaitu dira eta gizonen zein emakumeen talde nagusiek asteburu honetan ekingo diote denboraldiari.
Alberto Alonso eta Txiki Garitaonandiaren aginduetara gizonen taldeak bost aurpegi berri izango ditu aurten. Gehienak bigarren taldetik hartutako gazteak dira: Urko Zamakona joko antolatzailea, Xabier Bereziartua eta Unai Otxandiano hegalekoak, eta, Roberto Onaindia eta David Tudela pibotak. Taldea utzi dute, aldiz, Ruben Arteaga (EBA mailan jokatuko du Zornotzagaz), Asier Astorkia (orain arteko kapitaina Anbotopekora joan da), Oinatz Meñika, Unai Bereziartua (Torrelavegan jokatuko du) eta Mikel Agirrek.
Iaz EBA mailatik jaitsi ondoren, aurten, zelanbait esatearren, euren inguru naturalean ibiliko da berriro Tabirako Baqué. Helburua “lehenengo bosten artean geratzea da”, Mikel Larrañaga kapitainaren esanetan, horrela liga irabazteko aukera ematen duen bigarren fasera sailkatuz. Bihar San Ignacioren kantxan jokatuko dute.
Maurtuaren itzulera
Emakumeei dagokionez, Alberto Alonso entrenatzaileak iaz baino “talde indartsuagoa” dutela uste du eta sailkapenaren erditik gora ibiltzea espero du: “Iaz ere berdin uste genuen eta azkenean ez ginen hain ondo ibili. Aurten taldea alai eta lanerako gogoz ikusten dut”.
Nobedadeen artean Nuria Maurtuaren itzulera da aipagarriena. Londresen burututako ikasketetatik bueltan, berriro taldera itzuli da eta, zelan ez, besozabalik hartu dute: “Mailako jokalaririk onenetakoa da, zalantza barik”, Molinaren ustez. Horrez gainera, Eibarren ikasten ari den Amaia Araiz nafarra ere batu zaie eta gazteen taldetik Alazne Urien eta Jone Andres igo dituzte. Taldea Olatz Perez, Matxalen Mancisidor, Nerea Gorospe eta Jone Izurzak utzi dute. Zapatuan Obenasaren kantxan jokatuko dute denboraldiko lehenengo neurketa.