Jendeari kanturako gustua kutsatu guran, Kantulagun, bigarrenez

Anboto 2011ko ira. 22a, 10:24

Ikasturteko bederatzi saioetako hirutan, Plateruenetik kalera aterako dute bigarren edizioan Kantulagun, \"herrian giroa sortu eta jendeari kantagintzagazko gustua kutsatzeko\". Gaur egingo dute lehenengo saioa

Ikasturteko bederatzi saioetako hirutan, Plateruenetik kalera aterako dute  bigarren edizioan Kantulagun, “herrian giroa sortu eta jendeari kantagintzagazko gustua kutsatzeko”. Gaur egingo dute lehenengo saioa.

 

Bederatzi saio izango dira Kantulagunen; Plateruenean, 20:00etan, hilean behin, eguen batez. Iazko saioetan legez, Beñat Aiartza gitarristak jardungo du saioen gidaritza musikala burutzen. Saio birik behin, Aiartzagaz batera, euskal kantari ezagunak gonbidatuko dituzte kafe antzokira.

 

Azaroaren 26 eguerdian kalerik kale kantuan aterako dira Durangoko Plateruenak eta Berbaro euskara elkarteak bigarren urtez antolatu duten Kantulagun saioetan parte hartzen duten lagunak; martxoan eta maiatzean ere, “ezelako akademisizmorik barik, kantatuz gozatzeko” helburu soilagaz, Plateruenean kantatutakoa Durangoko kaleetan zehar eskainiko dute. Euskal kantutegi klasikotik zein modernotik hautatutako piezekin osatu dute Kantulagun zikloko bigarren ediziorako kantutegia.

Iaz, urtarriletik ekainera arteko saioetan, ehun lagun inguru batu ziren kantagintzaren inguruko lagun giroko hitzorduetara; Plateruenean esan digutenez, dagoeneko hogeita hamar lagunek eman dute aurtengo saioetarako izena. Plateruenean bertan zein kultura@plateruena.net helbidea eman daiteke izena: antolatzaileek prestaturiko kanta liburua eta saioen ardatz izango diren kantak jasotzen dituzten disko bi jasoko dituzte izena emateko 15 euro ordaintzen dutenek.

 

Lagun arteko giroan eta kantagintzaren inguruan “ondo pasatzea” dela ekimenaren helburu nagusia azpimarratu dute antolatzaileek: “Ez dago kantari ona izan beharrik, hau ez da gauza itxia”. Euskal kantutegiagaz lagun artean gozatzeko gogoa duten guztiak daude gonbidatuta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!