Durangoko Txirrindulari Elkarteagaz neguan ere ekintzak egingo dituzte gaztetxoek.
Durangoko Txirrindulari Elkarteko Beste Alde-Orue eskolak neguan ere ekintzak eskainiko dizkie gaztetxoei. Normalean, urrian denboraldia amaitu eta otsailean bueltatzen ziren eskolara 7-14 urte arteko gaztetxoeak, baina aurten, azarotik aurrera, igerian, mendi martxetan, mountain bikean, Berrizko belodromoan… aritzeko aukera izango dute.
“Gurasoek halaxe eskatuta zabaldu dugu eskaintza. Horrela, prestaketa ez dute erabat galtzen eta gainera taldeko giro ona mantentzen dute”, azaldu du Josu Atxotegi txirrindulari elkarteko kideak. Bizikletan ibiltzeko sarritan hotzegi egingo duela-eta, deneriko irteerak proposatuko dituzte. Iaz legez aurten ere Eneko Lejarretak gidatuko du eskola.
Bizkletagaz 2012ko apirilean hasiko dira, eta nobedade moduan aurten mountain bike eta pistan ere arituko dira errepiderako prestaketa moduan.
Martitzenean ateak zabalik
Martitzenean, 19:00etatik aurrera, gura duenak Durangoko Txirrindulari Elkarteak Muruetatorre auzunean duen lokala bisitatu ahalko du: “Elkartea herrira zabaldu gura dugu”. Elkartean izena emateko e-mail honetara idatzi daiteke: scduranguesa@euskalnet.net.