"Aurreko lan baterako sortutako pertsonaia batetik dator ideia"

Anboto 2011ko ira. 18a, 09:42

Erronkarikoa da hogeita hamar urteko Unai Zoco. Leioan ikasi zuen Arte Ederrak, eta Durangon dauka estudioa. Aurten sortutako zortzi ilustrazio bildu ditu Durangoko Arteka liburudendako \'Reinas\' erakusketan

Erronkarikoa da hogeita hamar urteko Unai Zoco. Leioan ikasi zuen Arte Ederrak, eta Durangon dauka estudioa. Aurten sortutako zortzi ilustrazio bildu ditu Durangoko Arteka liburudendako ‘Reinas’ erakusketan. 

 

Aurretik eduki duzu aukerarik zure lana Durangon erakusteko?


Iaz ere Arteka liburudendan ipini nuen erakusketa, eta Collins tabernan ere erakutsi dut nire lana. Besteak beste, Bilbon eta Getxon ere izan dut lana ikusgai.

 

Zerk desberdintzen ditu iazkoa eta aurtengo erakusketa?


Gaitza egiten zait esaten, baina jendeak ere aipatzen duenez, kolore gehiagokoa da hau: kolore beroagoekin egindakoak dira koadroak. Iazko erakusketaren gaia anitzagoa zen: askoz zehatzagoa da hau.

 

Ilustratzaile zereginetan egiten duzu eguneroko lana?

Bai, orain editorial batentzat nabil lan egiten; urtarrilean argitaratuko duten XX. mendeko poesiaren antologia baterako dihardut ilustrazioak prestatzen: Lorca, Alberti, Goytisolo, Cernuda  eta abarren poemei irudiak ipintzen dihardut; guztira, 43 irudi izango dira. Lan nahiko onirikoa ari zait ateratzen.  Freelance moduan egiten dut lan, eta noizean behin hau lako erakusketak prestatzen ditut.

 

Erakusketa honetarako gaia nondik dator?

Lan baterako sortu nuen pertsonaia batetik dator kontua; gutxinaka sortu nuen Reinas honen ideia. Kamisetetan ipintzeko egin nituen marrazki batzuetarako sortu nuen Elio izeneko erreginaren pertsonaiatik sortu zen erakusketako beste koadrootarako ideia.

 

Zure lanaren parte moduan bizi dituzu erakusketak, ala aparteko kontua dira?

Nire lana da guztia, eta erakusketetarako sortzen dudana editorialetarako egiten dudan lanerako ere egiten zait baliagarri. Desberdintasuna erakusketetarako formatua aldatu egiten dela: formatu handiagoan deigarriagoak izaten dira lanak.

 

Zure lana erakusteko leku aproposa da liburudenda?

Oso aproposa iruditzen zait, bertako arduradunak asko laguntzen duelako: bisitariei azalpenak ere ematen dizkie. Oso leku intimoa, gertukoa da Arteka: asko errazten du jendeagaz tratua.

 

Zer duzu gurago, liburudendan ala museo baten erakustea?

Egia esan, orain arte sekula ez dut kultur etxe edo museo batean erakusteko ideiarik eduki. Badirudi artistaren figuraren pisua handiagoa dela museo batean. Bestetik, areto txiki batean baino askoz garestiagoa da artistarentzat areto handi batean erakustea.

 

Zure lana erakusteko Internet ere baliatzen duzu.

Oso baliagarria da, eta erakusketen osagarri: www.unaizoco.com webgunean dauzkat nire lanaren adibideak ikusgai.

 

Zelakoa da ilustrazioan diharduzuenon egoera gaur egun?

Indarra dauka ilustrazioak, euskarri oso desberdinetarako lan egitea ahalbidetzen duelako, batez ere; koadroetan, arropetan, liburuetan... baliatu daitekeelako. Aukerak badaude, baina denean legez, gaitzena lekua egitea da: zure lana baloratzen ez duen jendea ere badago, eta beti borrokatu behar duzu zure lan profesioanala baloratu dezaten. 

 

Xehetasun askoko lana da Unai Zocok egiten duena

Helduentzako liburuak ilustratzea du Unai Zocok gogokoen, baina umeei marrazketa irakasten jarduna da Durangoko Artezaleak margo akademian: “Umeek perspektiba eta kolorearen erabilera zelan ulertzen duten oso gogoko” duela azaldu digu.

\"\"
Saldu egin ditu Arteka liburudendako erakusketako zenbait lan. Sorkuntza prozesuan zehar gozatzen duela gehien esan digu, eta sortzen duen guztia gordetzea ezinezkoa dela jakitun, ez du pena handirik hartzen koadroak saltzeagatik. “Gaur egun, gainera, zure lan guztiak formatu digitalean eduki ditzakezu”, dio.
Oso gogoko du erakusketako bisitariak bere lana zer iruditu zaion esatea, “baina, orokorrean, kosta egiten zaio jendeari artistari iritzia ematea”.
Xehetasun askoko lana da Unai Zocok Artekan erakusten duena. Kolore biziekin osaturikoak dira irudiak; pintura gorria eta laranja dira nagusi.
 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!