Ikasturteko lehenengo dantzaldi ibiltaria, Plateruenean, zapatuan

Anboto 2011ko ira. 16a, 08:31

Irailaren 17an, Durangoko Plateruenean burutuko du 2011-2012 ikasturterako dantza tradizionalen inguruan antolatutako lehenengo saioa AIKO taldeak. Taldearen webgunearen bitartez eman daiteke kurtsoetan izena

Irailaren 17an, Durangoko Plateruenean burutuko du 2011-2012 ikasturterako dantza tradizionalen inguruan antolatutako lehenengo saioa AIKO taldeak. Taldearen webgunearen bitartez eman daiteke kurtsoetan izena.

 

Parte hartu gura duen jende guztiari irekita dagoen erromeria, Dantzaldi Ibiltaria, egingo dute bihar, 19:00etan hasita, Durangoko Plateruenean. AIKO taldeak 2011-2012rako antolatu duen dantza ikastaroa abiatzeko aurkezpen legez ere antolatu dute irailaren 16ko hitzordua.

 

Aurreko urteetan ikastaroan parte hartu dutenak zein dantza tradizionalak ikasteko interesa duten parte-hartzaile berriak daude biharko zitara gonbidatuta; AIKO taldearen jarduna zertan datzan ikusteko aukera da bihar arratsaldekoa, eta urritik abendura arte hilean behingoa izango den saioetan lehenengoa.

 

Aurkezpenaren ondoren, antzinako dantzaldi herrikoien jai-giroa berreskuratzeko helburuagaz, hilero egingo dituzte erromeria saioak Durangoko Plateruenak, aurreko edizioetan moduan.

 

Ekimena martxan ipini zutenetik, ia mila lagunek hartu dute  AIKO taldeak Euskal Herrian zehar eman dituen tailerretan parte. Iaz, 500 ikaslek baino gehiagok eman zuten Sopela, Erandio, Gernika, Galdakao, Durango, Zarautz eta Zaratamoko saioetan izena.

 

Nobedadeekin aurkeztu dute aurtengo edizioa, antolatzaileek azaldu dutenez, “hasiberriei zuzenduriko oinarrizko dantza ikastaroagaz batera, asteroko topaketak antolatuko dira oinarrizko ezaguerak dituzten dantzazaleentzat, eta baita jotari eta fandangoari buruzko espezializazio-ikastaro monografiko bat ere”. Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian izango dira jotari buruzko saioak; “jatorri tradizionaleko jota edo fandangoa ulertu, ikasi eta horren inguruan inprobisatzeko interesa duten Euskal Herri osoko dantzazale, dantzari eta dantza-irakasleei” zuzenduriko saioak izango dira zapatu goizetan Zarautzen egingo dituztenak.

 

Musika eta dantza maisuek osaturiko AIKO taldeak bultzatzen dituen egitasmo guztiekin bezala, “dantza tradizionala kaleko jendeari hurbiltzeko asmoz, dantza egin eta dantzagaz gozatzea erraztuko duen ingurune erakargarria” sortzea da asmoa.

 

Aipatutako ekimen guztiez gainera, aparteko beste jarduera batzuk ere antolatzen ditu AIKOk; besteak beste, abenduan eta ekainean burutzen dituztenDurangoko Dantzazale Egunak edo dantza-barnetegiak.
Matrikula egiteko epea zabalik dago jadanik: Internet bidez eman daiteke izena: www.aikotaldea.com helbidean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!