Orain urte bi sortu zuten Senegalgo JAPPOO elkartea Durangon; hamar lagun ziren hasieran, eta laurogei dira orain. Anboto kalean duten egoitzan elkartu gara, bihar Plateruenean egingo duten jaialdiaz galdetzeko
Zelan sortu zen JAPPOO elkartea sortzeko ideia?
Lehenago ere M’Lomp elkartea geneukan Durangon, baina ikusten genuen elkarte horrek ez ziela senegaldar guztien beharrei erantzuten; elkarte haren helburua Senegalgo hegoaldeko kultura mantentzea da nagusiki, eta beharrezko ikusten genuen denok hartuko gintuena sortzea. Helburu desberdinak dauzkagu elkarte bietan, osagarriak gara, eta hartu-eman ona daukagu: sarritan kolaboratzen dugu.
Zer helburu nagusi ditu JAPPOO elkarteak?
Konturatu ginen asko ginela Senegaldik hona etorritakoak, baina askotan ez genuela elkar ezagutzen. JAPPOO elkartea sortu dugu, lehenengo eta behin, gure arteko hartu-emana errazteko, eta baita euskaldunekin gure kultura konpartitzeko ere. Jakitun gara gure kultura mantentzeko bertakoei ere erakutsi behar diegula.
Zertan egiten duzue lan gehien?
Elkartearen izenak, jendea batzea, elkartasuna esan gura du. Senegaldarrak eta euskaldunak harremantzeko hainbat ekimen burutzen ditugu: biharko jaia, esaterako, edo 2009an abiatu genuen “frantses berbalaguna” deitzen duguna: gure herrialdean hizkuntza ofiziala izanik, frantsesez berba egin gura duten euskaldunekin elkartzen gara barikuro, berba egiteko.
Etorkizunerako zer arlotan gura duzue indar egin?
Gure folklorea sustatzeko, elkartearen barruan dantza eta musika talde bat sortzea gura genuke, besteak beste. Bestetik, egoitza hau Senegal zer den eta nor garen erakusteko zabaldu dugu, eta gurekin berba egin eta jakinmina asetu gura duenari atea zabalik dauzkagula ulertarazi gura diogu. Elkar ezagutzeko daukagun erarik onena da kultura.
Elkartean gizonezkoak zarete gehienak, ezta?
Bai, egia da, gizon gehiago gaude elkartean, baina elkartearen zuzendaritza batzordean emakume asko dago. Alor horretan ere “parekotasuna” bilatzen dugu JAPPOO elkartean.
Zelan hartu zaituztegu?
Hamar urte inguru daramatzagu hemen, eta oso gustura gaude, baina batzuetan harrigarri egiten zaiguna da, batez ere, jende gaztearen jakinmin eza. Hain errealitate desberdinetatik etorritakoon kulturari eta abarri buruzko jakinminik ez daukaten unibertsitateko ikasleak egotea, oso deigarri egiten zaigu, esaterako.
Zer arlotan ikusten duzue elkartearen eta Durangoko gizartzearen arteko hartu-emanerako aukera sor litekeela?
Egiteke dugun beste gauzetariko bat euskara ikastea da: hartu-emanerako beste aukera bat litzateke hori. Asko gustatuko litzaiguke horren inguruko kolaborazioren bat osatzea.
Senegalgo eta Afrikako dantza, janaria eta musika
Senegalgo eta Afrikako kulturaren jaia da bihar, irailaren 10ean, Durangoko Plateruenean ospatuko dutena. Ramadam-aren amaiera jai moduan antolatu dute biharko eguna. Senegalen gehien hitz egiten duten wólof hizkuntzan Mbalax deitzen dutena antolatu dute biharko jairako, elkarteko kideek azaldu dutenez. “Hemengo jendeak afrikar talde bat jai batean ikusten duenean, zerbait pribatua dela pentsatzen du, eta ez da hurreratzen, baina gu zabalik gaude”, azpimarratu gura dute.
Dantza egiteko, Senegalgo wólof hizkuntzan berba egiteko, Fataya izeneko enpanadilla senegaldarrak dastatzeko eta ondo pasatzeko antolatu dute biharko Platerueneko jaialdia: “Senegalen ofiziala da, baina frantsesa ez da gurea”, azaldu digute, “eta horregatik elkartearen asanbladak ere wólofez egiten ditugu”.
Anboto kalean zabaldu du JAPPOO elkarteak egoitza, eta Durangoko gizartean integratzea gura dutela azpimarratu digute behin eta berriz: “Ezin izan daitekeena andaluziarrak, euskaldunak eta senegaldarrak bakoitza berean ixtea da: lotura, hartu-emana behar dugu”, diote.
Biharko jairako Plateruena hautatu dute, “Durangon erreferentziazko lekua delako eta denok gonbidatuta zaudetela erakutsi gura dugulako”.
Urriaren 1ean, Durangoko Merkatu plazan egingo dute urteroko jaia.
Argazkia frantsez taldekoa