Zorion Zabala izango da entrenatzailea DRTko gizonen talde nagusian eta Maxi Mendezen eta Gotzon Gomezen laguntza izango du.
Azken urteetan Durangaldetik kanpoko lagunak jesari izan dira DRTko talde nagusiaren aulkian. Aurten, ordea, klubak etxekoen aldeko apustua egin du, eta Zorion Zabala durangarrak hartu du taldearen gidaritza. Zabala talde nagusiko jokalaria ere badenez, Maxi Mendezen eta Gotzon Gomezen laguntza izango du. Iaz arte DRTren entrenatzaile izan den Aratz Gallastegik, berriz, Sukia Rugby Eskolako ardura hartu du, eta kadete mailako taldearen entrenatzailea ere izango da.
DRTko nagusiak joan zen astean bueltatu ziren lanera. Joan zen denboraldi amaieran iragarri zuten moduan, DRTren eta Arrasateren arteko akordioa bertan behera geratu denez, oraindik ez dakite bigarren taldea osatuko duten ala ez: “Egoera aztertu behar dugu; euskal ligan badago B taldeei zuzendutako maila bat, eta multzo horretan partida gutxiago jokatu behar dira. Beharbada izena maila horretan ematea da irtenbidea”, azaldu gu Gotzon Gomezek. Behar izanez gero, gazte mailatik jokalari batzuk ere igo daitezke.
Bitartean, lagunarteko partidak jokatzen dihardute urrian hasiko den ligari begira. Irailaren 9an, urtero legez, Elorrioren kontra jokatuko dute. Irailaren 17an, berriz, Madrilera joango dira, Cisneros taldearen aurka lehiatzeko.
Partida bi horien ondoren, irailaren 24an, klubaren aurkezpen ofiziala izango da Arripausuetan. Egun hori Uribealdearen kontra adiskidantzazko beste norgehiagoka bat jokatzeko ere baliatuko dute.
Ordizia-Getxo lehia Elorrion
Bestalde, gaur bertan oso partida interesgarria dago Elorrion, Ferixa Nausiko jaien barruan. Elorrio Errugbi taldeak antolatuta, Getxo eta Ordizia taldeak lehiatuko dira, arratsaldeko 17:00etik aurrera (jai egitaraun 16:30ean agertzen den arren), Elorrioko errugbi zelaian.