Durangoko Kulturalak zapatuan ekingo dio ligari etxean Alaves Bren kontra. 12 aurpegi berri daude taldean, entrenatzailearena tartean. Hala ere, taldearen jokamoldea ez da aldatuko: sormenak aginduko du.
Durangoko Kulturalak asteburu honetan ekingo dio hirugarren mailari, Alaves Bren kontra. Jokalari berri asko daude taldean, baina zelai erdiko blokeari eutsi diote. Beraz, aurten ere baloiaren jabetza eta sormena izango ditu ikur taldeak; iaz hain ondo funtzionatu zuen eredu hori erabili dute aurredenboraldian, eta halaxe baieztatu du Rikardo Txintxurreta kirol zuzendariak ere; Pinilla, Conde, Gorroño eta gainerako artistek ezarritako erritmoan jokatuko du taldeak.
Axier Intxaurraga Amorebietara joanda, Mikel Agirregomezkorta (36 urte, Romo) izango da entrenatzaile berria. Orain urte bi Bakaraldok fitxatu zuen denboraldiaren bigarren erdirako, eta iazko abendura arte iraun zuen. Bere ondoren etorritako entrenatzaileek ere ez zuten Barakaldoren norabidea zuzendu, eta, azkenean, hirugarren mailara jaitsi zen. Athleticekin lehen mailan jokatua da Agirregomezkorta, eta Albacete eta Hércules taldeetan ere jardun du. Entrenatzaile moduan, hauxe du bere bigarren erronka, Barakaldoren ondoren.
Harrobiko jokalariak
Gazte mailako hiru jokalarik lehenengo taldeagaz jokatu dute, eta horietako batek, Mikel Arizmendiarrietak, jarraitu egingo du. 18 urteko gazteak zelai erdian zein erdiko atzelari moduan jokatu dezake. Ugaitz Aurrekoetxea Berrizera joango da, eta Jon Leturiaga Iurretakoren edo Berrizen artean aukeratzen dabil.
Bestalde, honako jokalari hauek utzi dute Durangoko Kulturala: Gaizka Meléndez, Ibai San Martín, Iker Martínez, Ibon Espinosa, Jon Larrinaga, Unai Mugika, César Fernández, Mikel Muniozguren eta Hodei Onaindiak; azken bi horiek 2. B mailan jokatuko dute aurten, Amorebietagaz.