Irabazi asmorik bako The Walk On Project izeneko elkarteak bultzatu, eta Durangoko Udalak eta BBK-k lagunduko duten ekimena da irailaren 30en eta urriaren 1ean Landako Erakustazokak hartuko duen jaialdi kultural eta solidarioa.
Nazioarteko dozena bat musika taldek baino gehiagok hartuko dute Durangoko jaialdian parte, eta The Walk On Project elkartearen helburuekin bateginda, neurona sistemaren endekapenezko gaixotasunen ikerketara bideratuko dituzte irabazi guztiak.
Besteak beste, Smile, Gari, Steve Wynn, Mariano Casanova, The Right Ons, The Grave Yatch Club, eta Mi Hermana Corina musika taldeen emanaldiak dauzkate dagoeneko jaialdirako lotuta.
Aipatutako talde hauez gainera, ekimenaren bizkar-hezurra den The Walk On Band taldearen emanaldia ere gozatu ahalko dugu Durangon: neurona sistemaren endekapenezko gaixotasuna daukan seme baten aitak eta bere emazteak gidatutakoa da proiektu guzti hau, eta aitaren eta musikari lagunen proiektua jaialdian parte hartuko duen The Walk On Band.
Durangoko irail eta urrikoa, ondoren beste leku batzuetara zabalduko den "nazioarteko jaialdi bilakatzeko helburuz" jaiotakoa da. "Jaia eta musika bateratzen dituen familia osoarentzako eskaintza" gozatzera, sei mila lagun baino gehiago gerturatzea espero dute antolatzaileek.