Kurutziaga margo akademiako Juan Azurmendi irakasleak osaturiko musikarien erretratuak ikusgai daude Durangoko Jai Berri tabernan.
Durangaldean aerografia lanak egiten dituen bakanetarikoa da Kurutziaga akademiako Juan Azurmendi irakaslea. Heavy musikaren zalea izanik, aerografiagaz landutako gustuko musikarien erretratuak eta ohial euskarrian egindakoak bildu ditu erakusketan; ACDC-ko Angus-en erretratua, kasurako.
Askotariko euskarriak margotu daitezke aerografia teknika honegaz: Azurmendik, besteak beste, motorrak, motorretarako kaskoak eta gortinak margotu izan ditu. Estatu Batuetatik ekarritako zaletasuna dela kontatu digu Juanek: han, hozkailuak eta komunak ere aerografiaz margozten ei dituzte; “kustomizatu”.
Egiten zituen maketetako figurak margotzeko ekin zion duela hamabost urte inguru aire konprimituagaz eta pintura bereziagaz aerografoa erabiltzeari Kurutziaga akademiako irakasleak.
Izurtzan daukan tailerrean egiten ditu Juan Azurmendik aerografia lan gehienak: azaldu digunez, konpresoreak zarata handia ateratzen du. Durangoko Kurutziagako tailerrean, bestalde, beragaz aerografia teknika ikasten hainbat lagunek dihardu.
Internetean ere ikusgai dauzka Juan Azurmendik aerografiagaz egindako hainbat enkargu eta lan: www.aerografiakurutziaga.blogspot.com helbidean.
Durangoko Jai Berri tabernako erakusketan bildu dituen lanak salgai daude. Orain, tailerrean, David Boweyren zuri-beltzeko erretratua lantzen dihardu.