'Emakumeen adierazpenerako baliabidea da perkusio tailerra'

Anboto 2011ko uzt. 9a, 08:21

Uda Kalean Bizi programazioaren barrukoa da uztailaren 12ko Silvia Palumbo kantautore argentinarraren emanaldia. Durangoko perkusio tailerrean ikasle izan zituen emakumeak ere gonbidatuko ditu oholtzara

Uda Kalean Bizi programazioaren barrukoa da uztailaren 12ko Silvia Palumbo kantautore argentinarraren emanaldia. Durangoko perkusio tailerrean ikasle izan zituen emakumeak ere gonbidatuko ditu oholtzara.

\"\"

 

Udaberrian Durangon perkusio tailerra ematen jardun duen Silvia Palumbo argentinarraren emanaldia da Uda Kalean Bizi jaialdiaren uztailaren 12rako proposamena. Kantautora argentinarraren sorkuntzak eta Hegoamerikako emakume musikarien kanten bertsioak izango dira entzungai, eta udaberrian Durangon gidatu zuen perkusio tailerrean aritu ziren emakumeek ere hartuko dute parte.

 


“Emanaldi oso akustikoa” izango dela aurreratu digu Palumbo argentinarrak; besteak beste, Violeta Parra edo Consuelo Velázquezen bertsioak eskainiko ditu. Esan digunez, “ikuspuntu feminista batetik balio politiko handiena” daukaten autoreen kantak bere erara eskainiko ditu, gitarrak eta perkusioak lagunduta.

 


Jabekuntzarako tresna
Azken hilabeteetan Bizkaiko hainbat herritan eta Araban eskaini ditu Silvia Palumbo musikari argentinarrak perkusio tailerrak. Maiatzean eta ekainean egon zen Durangon. Emakumeei zuzenduriko jabekuntza tailerrak dira eskaintzen dituenak; perkusioa, ahotsa eta mugimendu eszenikoak jorratzeko saioak dira.

 

Hiru saio burutu zituzten udaberrian Durangon, eta hamabost emakume inguruk hartu zuten parte, oinarria “energian eta partaideen arteko konexioan” daukan emakumeentzako tailerrean. 
Emakumeen adierazpen kolektiborako baliabide moduan ulertzen ditu Palumbok perkusio tailerrok, eta emakumeako “bisibilizatu eta mobilizatzeko tresna politiko” moduan ere bai.

 


Aste honetan Xixon-en saioak ematen jardun ondoren dator berriro Durangora Palumbo, eta Voces de Mujeres izeneko ikuskizuna eskainiko du, uztailaren 12an, 20:00etan hasita, Etxezarreta parkean. Bere sorkuntzak eta “erreferentziazkotzat” dauzkan Latinoamerikako emakumeen sorkuntzen bertsioak joko ditu.

 


Musikari argentinarrak “kontzertu integratiboa” deitzen duenaren azken partean, munduko emakumeek pairatzen dituzten ezarpenei buruzko kantak eskainiko dituela azaldu digu Silvia Palumbok. Hain zuzen ere, kontzertuaren azkeneko parte horretan gonbidatuko ei ditu oholtzara, Durangon beragaz ikastaroa burutu zuten “danbor-joleak, eta beragaz Xixondik etorriko diren Tam Tam Bruxes taldekoak.

 


Durangoko tailerrean parte hartu zuten emakumeek “sentsibilitate eta konpromiso handiagaz” jardun zutela azpimarratu digu, beragaz izandako elkarrizketan, Palumbok. Danbor arinekin, baxuekin eta kaxekin jardun zuten, eta lau erritmo ikasi.

 


Emakumeek espazio publikoa hartzeko eta bisibilizazioa lotzeko era moduan ulertzen ditu Durangon eskaini zuena lako tailerrak Palumbok. 

 

Piazzolaren doinuak eta tango dantzariak gaur

 

Uztailaren 12ko Silvia Palumbo kantautorearen emanaldiaren aurretik, gaurkoa da Durangoko Uda Kalean Bizi programazioaren barruko hurrengo hitzordua: Argentinako tango doinuak eta dantzak izango dira gaur protagonista.  

\"\"
Bilboko Orkestra Sinfonikoan kide diren musikari bi tartean dauzkan Tanar laukoteak ipiniko du gaur musika:  Astor Piazzola bandoneonista eta konpositore argentinarra jaio zeneko 90. urteurrena dela-eta, haren lanean oinarritutako emanaldia prestatu dute.
Durangoko Uda Kalean Bizi barruko saioan, zuzeneko musika eta dantza uztartuko dituzte Ezkurdi plazan, gaur 20:00etatik aurrera.


Musika taldeak proposatuta, Joseba eta Bakartxo dantzari gipuzkoarrak arituko dira  Tanar laukotearen tangoak dantzatzen, gaur Ezkurdin.
Astor Piazzolak sortu zituen eran eta harek erabilitako instrumentuekin eskainiko du Tanar laukoteak kontzertua: bandoneona, pianoa, kontrabaxua eta biolina joko dituzte.
Emanaldiko bost kanta dantzatuko dituzte Joseba eta Bakartxo tango dantzariek: Libertango, Chau Paris, Jeanne y Paul, Oblivion eta Zita.


Elkarrekin dantza egiten 1999tik diharduen bikotea da Andoaingo dantza eskola baten arduradun ere baden Joseba eta Bakartxo gipuzkoarrena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!