Txirrindularitza eta ingelesa uztartzen dituen ekimena jarri du abian Durangoko Txirrindulari Elkarteak. Udalekuez gainera, trukea egingo dute durangarrek Eskoziako 13 txirrindularigaz.
Mendearen hiru laurdenak bete ditu aurten Durangoko Txirrindulari Elkarteak; 75 urte igaro dira 1936ko martxoaren 4an taldea martxan jarri zenetik. Lasterketak antolatzea zen orduan elkartearen helburua. Gerora, 1972an, txirrindularitza eskola bilakatu zen
.
Indartzeko asmoagaz, eraberritze prozesuari ekin dio taldeak. “Aurten hasi gara, eta astiro-astiro gauzak aldatzea da gure asmoa”, dio Josu Atxotegik, elkarteko koordinatzaileak. Atxotegik hamar urte inguru daramatza txirrindulari elkartearentzat beharrean. Garai berrietara egokitzeko asmoz, aldaketa metodologikoa egin dute elkartean; “urteek aurrera egiten dute, eta belaunaldi aldaketa egitea garrantzitsutzat jotzen dugu”, nabarmendu gura du Atxotegik.
Aurtengo denboraldian Eneko Lejarretagazteak José Alcibar ordezkatu du eskolako arduradun legez; 30 urtean izan da Alcibar eskolako arduraduna.
Eskoziarrekin trukea
Gazteak taldera hurreratzeko asmoz, Trukea Gurpilekin izeneko ekimena antolatu dute udarako. Lejarretaren berbetan, ekimena “berritzailea” da.
Batetik, martitzenean hasiko diren udalekuak antolatu dituzte. Monitore lanetan bi eskoziar arituko dira, eta gazteek, ingelesez ikasteaz gainera, hainbat txirrindularitza diziplina probatuko dituzte: “Errepideaz gainerar, gazteak mendiko bizikletagaz eta pistan arituko dira”. Josu Atxotegik azaldutakoaren arabera, 15 gaztek eman dute izena ekimenean, eta azpimarratu duenez, “oso pozik” daude ekimenak izan duen harreragaz.
Bestalde, trukea antolatu du elkarte durangarrak Eskoziako federazioagaz. Bihar heltzekoak dira 13 eskoziar gazte, uztaila bertan igarotzeko asmoz; ordainetan, abuztuan durangarrak Eskoziara joango dira. “Esperientzia pertsonal polita izateaz gainera, txirrindulari legez hazi egingo dira”, nabarmendu du Atxotegik.
Gazteen artean txirrindularitza sustatzea ere gura du elkarteak; Durangoko eskolekin hitzarmena sinatzeko asmoa dute, Atxotegiren arabera. Horrez gainera, datorren denboraldiari begira “aurreikuspen positiboak” dituzte taldeko arduradun biek.