'Izugarria izan da Tabirako lako klubari ekarpena egin ahal izatea'

Anboto 2011ko eka. 25a, 08:48

Azken lau urtean Tabirakoko lehendakaria izan da Hilario Perez. Egindako lanagaz pozik, Itsaso Gartziari emango dio lekukoa. Gartzia izango da klub historikoak izango duen lehenengoo emakume lehendakaria

Azken lau urtean Tabirakoko lehendakaria izan da Hilario Perez. Egindako lanagaz pozik, Itsaso Gartziari emango dio lekukoa. Gartzia izango da klub historikoak izango duen lehenengoo emakume lehendakaria.

 

Zer balorazio egiten duzu aurtengo denboraldiaz?
Urtea erabat arrakastatsua izan dela uste dut. EBA mailan egon gara lehenengoz, eta esperientzia interesgarria izan da. Horrez gainera, harrobiko bi talde Espainiako Txapelketetan sartu ditugu. Erregional Mailako gizonezkoek ere igoera lortu dute; denboraldi hasierako helburuetariko bat zen. Nesken taldea Erregionalean mantentzea ere lortu dugu.

 

Modu orokorrago batean, nola baloratzen dituzu lehendakari izan zaren lau urteak?
Herritarrekin eta herriarentzat lan egiten duen talde bat izatea zen gure helburua legegintzaldi hasieran. Bide horretan, hitzarmena sinatu dugu Durangoko ikastetxe guztiekin. Tabirakoren etorkizunaren funtsa da hori; Tabirakoren harrobia ikastetxeek osatzen dute, beraz, ezinbestekoa da taldearentzat hitzarmen hori garatzea.
Bestalde, taldea asko hazi da urteotan; aurten 53 talde osatu ditugu. Gaur egun, 209 entrenatzaile eta delegatu eta 902 jokalari daude Tabirakon. Babesleei dagokienez ere, asko hazi da taldea; asko eskertzen dugu euren fideltasuna. Bizi dugun krisi egoeran egin duten esfortzua txalotzekoa da. Kirol arloan hazteaz gainera, erakunde legez jauzia eman du Tabirakok. Helburua bete egin dugu.

 

Tabirakok filosofia ezaguna du...
Bai, klubaren oinarria bolondres lana da; taldea osatzen dugun guztiok boluntarioak gara, ez dugu soldatarik. Horrek ez du esan gura ONG bat denik; kirol talde bat gara. Harrobiagaz bakarrik behar egiten duen kluba da Tabirako; hitzarmena sinatu duten ikastetxeek ere osatzen dute kluba. Filosofia horri jarraituz ahalik eta emaitza onenak lortzen saiatzen gara; aurten, besteak beste, EBA mailan aritzea lortu dugu. Gure filosofia herrira mugatzen da; ez gara selekzio bat. Hori hobetzeko, bi lan ildo ireki ditugu aurten: lan etekinarena eta parte-hartzearena. Umeak batean edo bestean egokitzen ditugu.

 

Tabirakoren 50. urteurrena zure legegintzaldipean bete zen...
Urteurren hori zuzendaritzako kideekin bizitzea ahaztezina izan zen; ekitaldiz betea izan zen urte hori, eta lan asko egin genuen; Espainiako Txapelketak antolatu genituen, Sanfaustoetako pregoilariak izan ginen... Bereziki gogoan izan gura ditut gu baino lehenago Tabirakon behar egin zuten guztiak. Euren lanari esker heldu gara gauden lekura.

 

Zer ekarpen egin diozu Tabirakori?
Ilusioa, batez ere. Zuzendaritza taldeak Tabirakoren esku jarri du bere ezagutza. Lan handia egin dut; oporrik bako bederatzi urte izan dira. Izugarria izan da horrelako erakunde bati nire ekarpena egin ahal izatea. Gauza batzuk hobetu daitezkeen arren, oso pozik nago eginiko lanagaz.

 

Zer jaso du Hilario Perezek Tabirakorengandik?
Pertsona taldeekin lan egiten ikasi dut, batez ere. Taldean lan eginez, besteen iritziak entzun eta onartzen ikasten da, eta persona moduan, aberastu egin nau horrek.

 

Zuzendaritza berriarentzako mezurik?
Gaitasun handiko jendea da, eta oso ondo egingo dutela uste dut. Bi hilabete daramate lanean zuzendaritza zaharragaz batera, martxa hartzen hasteko.

 

Eta aurrera begira, zer?
Tabirakoren bazkide bat gehiago baino ez naiz izango; harmailetan egongo naiz orain, gainerako zaleekin batera taldea animatzen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!