Cristian eta DJ Gato, abendutik Sweet & Vicious diskotekako arduraduna eta bertako etxeko DJ-a dira, durangarra eta abadiñarra, hurrenez hurren, eta Non diskotekako laguna Ugutz.
Joan zen barikuko saioan, lehenengoz uztartu zituzten Sweet & Vicious diskotekako saio batean DJ-aren techno-house doinuak eta tinbalen erritmoak Gato eta Ugutzek. “Nahasketa hori jendeari asko gustatu zitzaion, eta oso pozik gaude gu”, esan digu hirukoteak. Sei ordutako saioa izan zen guztira; eta lau abestitan elkartu zituzten Ugutzen tinbalak eta DJ Gatoren doinuak. Aurretik, Jon Mayok jardun zuen Warm-up lanetan.
Perkusioa eta elektronika zuzenean uztartzeko beste emanaldi baterako ideia daukatela azaldu digute hiru gazteek: Non diskotekan gura dute joan zen barikukoa lako saio bat antolatu, “Sweet & Viciousi tributo bat egitea da ideia”, kontatu digute, “eta Durangaldea eta inguruko hamabost DJ gonbidatzea jaira”.
Astero, barikuetan, musika elektronikoaren zuzeneko saioak antolatzen dituzte Sweet & Vicious-en. Durangaldean eta inguruetan hainbat DJ daudela azaldu digute arduradunek; “euren musika eskaintzeko leku finkorik ez daukatenei eskaintzen diegu aritzeko aukera”, diote. Barikuetako saioak entzutera eta dantzatzera gertutatzen den zalego zabala ere badagoela Durangaldean diote.
Bere techno-house doinuak sortzeko oinarri legez, doinu dantzagarriak dituelaberak gustuko kontatu digu DJ Gato abadiñarrak: “Soinu grabea da inportantea musika honetan, eta erritmoa oso eramangarria izatea”. Ahots, erritmo eta isilune horiek oinarri hartuta eta tinbalak gehituta jardun zuten barikuan.