1986-89 urteetan Poliputos taldean jardun zuten musikariak berriro elkartu dira, eta Plateruenean eskainiko dute kontzertua zapatuan. Elkarrekin jo barik hogeitaka urte zeramatzaten, orain aste bi Gasteizen aritu ziren arte
Zelako esperientzia izan zen Gasteizko Gaztetxeko kontzertua?
Oso sentsazio eta kritika onak eduki genituen, eta oso-oso ondo pasatu genuen. Nerbioak eta beldur apur bat ere sentitu genuen...
Zenbat urte egon zarete eszenatokira igo barik?
Taldekideotako bi, Bat Bitten taldean ibili ginen Poliputos utzi ondoren, baina kontzerturik jo barik 8 urte inguru generamatzan, eta 25 urte inguru abeslariek.
Publikoa aldatu egin da?
Gu ikustera joan ziren lagunak kenduta, Gasteizko kontzertuko gainerako ikuslegoa oso gaztea zen. Giro oso polita sortu zen.
Abeslari bik diharduzue?
Hori zen gure berezitasunetariko bat. Baina, ez pentsatu, 1980ko hamarkadan halako gauza arraroak egiten ziren; MCDn baxu-jotzaile bi zebiltzan, esaterako... Orduan edozer zen posible.
Berriro elkartu zinetenetik gogor entseatuko zenuten...
1980ko hamarkadako bi-hiru urte haietan egin ez genuena egin dugu: bost hilabetez oso serio eta konpromiso handiagaz jardun dugu entseguetan. Lan itzela izan da. Azkenean, sortuta geneuzkan bederatzi kanta, lau kanta berri eta hiru bertsio prestatu ditugu Platerueneko kontzerturako.
Bederatzi horien eta lau berrien artean alderik igartzen da?
Bai; handia, musikari zein mezuari dagokionez. Gaiak antzekoak diren arren, kanta berrietan hitzak landuagoak dira. Hala ere, mezuak oraindik ere oso kañeroak dira. Amodiozko kanta bat ere sortu dugu bost hilabeteotan.
Kanta guztiok bilduta, diskoa kaleratzeko asmorik baduzue?
Grabatu egin ditugu kantak, baina nahasketak egin barik daude. Litekeena da geure kabuz diskoren bat ateratzea. Polito geratu da grabazioa, baina lana egin behar da oraindik, eta orain momentuan ez daukagu astirik.
Urte askoren ondoren, kanten gaiak errepikatu egiten dira.
Bai, hasieran pentsatu genuen, 1980ko hamarkadan sorturiko kanta haiek desfasatuta egongo zirela beharbada. Orain, baina, konturatu gara, lehengo egoera mantentzen dela zentzu askotan; krisi ekonomikoa, errepresioa...
Zuek aldatu zarete?
Bai... Musikari dagokionez, egia da kanta berrietan igartzen dela ikutu rock&rolleroagoa, nahiz eta gure oinarria lehengoa den.
Inguruko jendeak zelan hartu du Poliputosen suspertzea?
Jendea oso emozionatuta dago; oso harrituta gaude horregaz. Betiko lagunak ondoan izatea itxaroten genuen, baina bi belaunaldi batu dira. Gasteizko kontzertuan seme-alaben aurrean jo genuen.
Iturriagaren ‘Durango 80’ dokumentalean parte hartzea izan zenuten elkartzeko akuilu?
Zilar Astearen barruan eskaini ziguten Plateruenekoek dokumentalean parte hartu genuenoi emanaldia eskaini ahal izatea. Gu animatu ginen, eta biharko kontzertuan Talde Sorpresa osatu duten 1980ko hamarkadako hainbat musikarik ere jardungo dute: Skakeo, Kaligula eta Los Lopez taldeetako musikariek osatu duten taldeak ere joko du bihar.
Jaia eta inkonformismoa zuzenekoetako osagai
Poliputos boskoteak Elorrioko jai batzuetan eskaini zuen kontzertu batekoa da beheko argazkia. Eszenarioa eta plaza, biak ere jendez gainezka zeuden, elizaraino. Platerueneko biharko kontzertuan ere publikoaren inplikazioa bilatuko dute musikariek. “Jendea beti identifikatu da gurekin”, azpimarratu du Joseba abeslariak. “Kutsakorra” da Poliputos-en kontzertuetako giroa.
[img]http://www.anboto.org/images/9600/9694/1.jpg[/img]
Kontzertuak jaiaren eta “malaletxe apur baten” nahaste bat izaten zirela kontatu digute Plateruenean egin dugun hitzorduan. Taldea sortu zuten 1980ko hamarkadan legez, “jendea nazkatuta dago gaur egun ere”, dioskue, “urteetan motelduta eta inertziari jarraituz bizi izan garen arren”.
Poliputos deseginda egon den azken hamarkada biotan ere punk kulturak bere eragina ez ote duen eduki galdetuta, “musika punkia egin arren, askok jarrera motel hori eduki dute”, erantzun dute. Publikoaren inplikazio eta identifikazioari buruz jarraitu du Juanma gitarristak: “barbaridadeak edo, hobe esanda, egiak botatzen ditugunean, askok pentsatzen duena adierazten dugu”.
Oroitzapenak eta anekdota asko metatu zituzten hiru urte intentsotan. Josebak esan digunez, “politena azken kontzertua izan zen: Eibarko Sanjuanetan Hilbeheran eskaini genuena”. Segundo Gobierno eta Cicatriz-ek ere jo zuten orduan. Astean behin, oso gutxi entseatzen zuten. Heroinari, speedari eta euren kezkei buruz idazten zuten: “Lagunak hiltzen ikusi genituen”.