Sabin Bikandik konposatu dituen kantak biltzen dituen ‘Bikaña’ diskoaren aurkezpen-erromeria egingo dute.
Ekainaren 18an, Plateruena eta Landako erakustazokaren inguruan burutuko dute AIKO taldeak antolatzen duen Dantzaldi Ibiltariak saioen ikasturte amaierako hitzordua. Dantza emananaldiak, disko baten aurkezpena eta herri-bazkaria egingo dituzte, besteak beste, bihar.
Ikasturte guztian zehar Plateruenean elkartu diren dantzazaleak batuko dira ekainaren 18rako antolatu duten dantza eta musika egitarauagaz gozatzera. Esandako moduan, gainera, AIKO taldearen zazpigarrena den Bikaña izeneko diskoaren aurkezpena egingo dute biharko Durangoko hitzorduan.
Egileen berbetan, gaita eta dultzainagaz jotzeko dantza errepertorioa zabaltzeko helburuz AIKO taldeko Santi Bikandi musikariak konposatu dituen lanak grabatu dituzte disko horretan; zortzikoak, jauziak, habanerak, tangoak zein txotisak jaso dituzte. Diskoaren “aurkezpen-erromeria” egingo dute, beraz, Durangon, bihar 16:00etan hasita.
AIKOren ikastaroetan parte hartu dutenei zein gerturatu eta jaiagaz bat egin gura duten guztiei zabalik daude biharko ekitaldiak. “Euskal folklorea maite dutenen agendako hitzordua eta antzinako erromerien zaporea jasotzen duen jai aparta” izango dela biharkoa diote antolatzaileek.
Jaia amaitzeko, dantza gehiagorako gogotsu daudenek Plateruenean izango dute aukera, 19:30ean.