'Komunikatiboenak iruditzen zaizkidan lanak ekarri ditut'

Anboto 2011ko eka. 19a, 08:17

Durangarra da Jon Gorroño diseintzaile grafiko gaztea, eta Bartzelonan diseinu grafikoa ikasitakoa. Durangoko alde zaharreko Art Leku marrazketa eskolaren sarreran eskegi du ekainean bere margolanen bilduma bat. Joko bisual bat da erakusketa horretan ikusleoi proposatzen diguna: irudimenagaz jolas egitea

Durangarra da Jon Gorroño diseintzaile grafiko gaztea, eta Bartzelonan diseinu grafikoa ikasitakoa. Durangoko alde zaharreko Art Leku marrazketa eskolaren sarreran eskegi du ekainean bere margolanen bilduma bat. Joko bisual bat da erakusketa horretan ikusleoi proposatzen diguna: irudimenagaz jolas egitea

Noiz sorturikoak dira lanok?
Denbora daramat marrazten, beti eduki dut afizioa, baina denbora luze batean halako lanik egin barik egon naiz. Erakusketarako sorturikoak dira koadroetako bi, eta lehenagoko beste zenbait ere prestatu ditut publikoari erakusteko.

Erakusketa jarri duzun areto honetan bertan jasotzen dituzu marrazketa klaseak ere.
Hile bi inguru daramat Art Lekura etortzen; denbora libre gehiago neukan aspaldian, eta marrazketan jarduteko, afizioa landu eta zerbait sortzeko aprobetxatu gura izan dut denbora.[img]dhttp://www.anboto.org/images/9600/9651/1.jpg[/imgd]

Lanbidez, baina, diseinatzaile grafikoa zara...
Gehienbat halako lanetan jardun izan dut. Marrazketa gehiago da afizioa, norbere gustua bilatzeko modua. Nire kasuan, lanak eta afizioak badaukate antzik: biek komunikatzen dute.

Sortzeko prozesuan dago, beharbada, aldea...
Ez pentsatu asko aldatzen denik. Aldatzen dena, bezero bat edukitzea edo zeuretzako sortzea da. Egia da horrek baldintzatu egiten zaituela: diseinuan jardutean produktuaren ezaugarriak azpimarratzea da helburua; artea, aldiz, libreagoa da, muga bakoa.

Zerk lotzen ditu erakusketakoak?
Azken urteetan batu ditudan lanak dira, komunikatiboenak iruditu zaizkidanak. Denak koadro konkretuak dira; gai bat daukatenak eta mezu bat helarazten saiatzen direnak dira guztiak.

Zer ideia edo helburuk bultzatuta sortzen duzu?
Niretzat, markatu nauten bizitzako esperientziak, ametsak, proiektuak  eta sentimenduak komunikatzeko, islatzeko, bide bat da sorkuntza.

Erakusketarako batu dituzun kadroetako askotan giza figura da elementu nagusia.
Bai. Esango nuke giza figuren karikaturizazioak direla koadroetakoak; bakoitzaren ezaugarriak puzturik agertzen dituzten giza figurak dira koadroetakoak.

Zuri-beltzeko koadroetan edo pinturetan teknika desberdinak baliatzen dituzula ematen du.
Batzuetan garaiaren arabera estetika bat gurago izaten duzu. Kasu honetan, zuri-beltzeko lanak solemnegoak eta soilagoak dira, baina, aldi berean, adierazkortasun handiagoa daukate.

Hustasunaren ideiagaz jokatzen duzu zure lanetan?
Beltzaren eta zuriaren arteko jokoa da hori, bai. Zuriak beltzak beste adierazten du koadroetan. Zuria ere marrazkia da. Gehienetan, ikusten dugunari, bolumenari, ipintzen diogu presentzia, baina materia existitzen da hutsunea existitzen delako. Joko bisual bat da proposatzen dudana: formak eta esanahiak hutsetik sortzen dira, poesia egiten duzunean legez. Laino bati begiratuta elefante bat ikusi dezakezun modu berean, koadroak begiratzean ere, forma abtraktu bat zerbait konkretua bilakatzen dugu. 

 

Eskura dauzkan baliabideekin edertasuna adierazteko era

Benigniren eta Sarrionandiaren sorkuntzari buruzko gogoetak hartu ditu elkarrizketan zehar Gorroñok ahotan; barnekoa konpartitzeko modua du marrazketa, eta El tigre y la nieve filmeko umeak legez, edertasuna adierazteko daukan era.   
Erakusketaren inaugurazioan egin zuten moduan, koadroak ikusle bakoitzari zer iradokitzen dion jakitea oso gustuko du Jon Gorroñok.
Koadroen esanahiei buruz gabiltzala, “hau jolas bat da, hau ez da traszendentea”, diosku Gorroñok. Zaletasuna du hau: “Ezelako kezkarik barik, eta libre jarduteko aukera”.
Gauza txikiei eta euren edertasunari erreparatzeko “zoom egiteko” modua du sorkuntza. Horiek irudikatzeko, “eskura” dituen materialak eta teknikak baliatzen dituela kontatu digu egileak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!