Xaramelen 'Xalbadorren heriotzean' Euskal Herriko Haur kantari txapelketan bigarren

Anboto 2011ko eka. 14a, 11:17

Nafarroa, Gipuzkoa, Baxe-Nafarroa, Araba, Bizkaia, Lapurdi eta Zuberoako haur eta gaztetxoek hartu zuten Euskal Herriko Haur Kantari txapelkataren finalean parte.

Aurretik Durangoko Plateruenean eta Bilboko Euskalduna jauregian burutu zituzten saioetan epaimahaiaren laudorioak jasota joan ziren Xaramel taldeko Durangoko neska kantariok joan zen zapatuan Lapurdin antolatu zuten Haur Kantari txapelketaren Euskal Herriko finalera.

Nafarroa, Gipuzkoa, Baxe-Nafarroa, Araba, Bizkaia, Lapurdi eta Zuberoako haur eta gaztetxoek hartu zuten Euskal Herriko Haur Kantari txapelkataren finalean parte. Bilbon bezala Lapurdin ere Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean kantatu zuten Durangoko Xaramel taldekoek: pianoak lagunduta jardun zuten.

Epaimahaiak Euskal Herriko txapelketaren bigarren saria eskaini zien Durangoko zortzi neskoi, eta kantua bigarrenez eskaintzeko eskaria egin zieten gainera: parte hartu zuten 27 taldeek elkarrekin kantatu zuten ekitaldiaren amaieran Xalbadorren heriotzean kanta, Leteri omenaldia eginez.

Hazparneko saioan sari nagusia, Bostekoa talde lapurtarrak jaso zuen: djembe, arrabita eta gitarrak lagunduta, Ametsetan kanta eskaini zuten 12 eta 15 urte arteko kantariek.

Gaztetxoen artean kanturako ohitura eta gustua errotzeko helburuagaz Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatzen duen txapelketaren finalean, Euskal Herriko zazpi herrialdetako 27 parte hartzailek kantatu zuten; 6 eta 11 urte arteko dozena bat parte hartzaile izan ziren, eta 12 eta 15 arteko hamabostek.

Iaz ere txapelketa honetan jardun zuten nesken emanaldiaren arrakastaren, baina batez ere Xaramel taldekoek kantatzeko duten zaletasunak bultzatuta, datorren ikasturtean gaztetxo kantuzaleen talde gehiago sortzeko asmoa agertu du Durangoko Orfeoiak. Roberto Palacios Orfeoiko kideak dioenez, sariei eurei baino inportantzia gehiago ematen diote neskek eurek ere, lagunartean kantatzeko elkartu ahal izateari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!