Arandoño kultur elkarteak antolaturikoa da ekainaren 10ean, 20:30ean lehenengo hitzorduan daukan Organu Kontzertuak 2011 zikloa. Ekaineko bariku honetan izango dena, eta irailean eta abenduan izango diren beste bi kontzertu antolatu ditu aurten Arandoño elkarteak.
Madrildik datoz ekainaren 10ean elkarrekin emanaldia eskainiko duten Roberto Fresco organista eta Schola Antiqua taldea. Madrileko Almudenako organu jotzaile nagusia da Fresco, eta 1984an sorturiko taldea da antzinako musikaren interpretazioan eta kantu gregorianoan espezializatutako Schola Antiqua abesbatza. Monastegietan ez bada, kantu gregorianoa zuzenean entzuteko aukerak gutxi direla-eta, barikuko Durangoko emanaldia aukera paregabea dela azpimarratu dute zikloaren antolatzaileek.
Aurreko edizioetan bezala, eta Arandoño elkarteko kideek azpimarratu dutenez, “organu-jotzailearen zuzeneko irudiak eskainiko dituen pantaila bat” ipiniko dute Andra Mariako altarean, “entzuteko ezezik ikusteko ere" badirelako kontzertuok. “Jendea asko harritzen da organu-jotzaileen abildadeagaz”.
Durangoko Euskal Astearen egitarauaren barruan jasota dago bariku honetako Andra Mariako emanaldia, eta leku berean izango da zikloaren barruko hurrengo hitzordua ere: iaz lehenengo aldiz frogatu zuten eta harrera beroa eduki zuena lako "elkarrizketa-kontzertua" antolatu dute irailaren 17rako. Esteban Elizondo organu-jotzailea gonbidatu dute, bere ibilbideari buruz elkarrizketan jardun eta ondoren kontzertu labur bat eskaintzeko.
Abenduaren 18an itxiko dute zikloa; Pedro Guallar organista eta Juan Vicente Codina tronpetistak jardungo dute, antolatzaileen berbetan, “azken urteetan finkatzen joan den” zikloaren entzulegoaren aurrean.