Mutilek hirugarren igoera lortu dute jarraian, eta Ohorezko Mailan arituko dira. Neskek, berriz, “erraz” lortu dute lehen mailara igotzea.
Denboraldi historikoa burutu dute Elorrioko futbol taldeek. Gizonezkoek datorren urtean Ohorezko Mailan aritzeko txartela eskuratu dute; neskak, ostera, Bigarren Mailako txapeldun izan dira, “abantaila handiagaz”, eta 2011/2012 denboraldian Lehenengo Mailan arituko dira.
Hain zuzen ere, urte bakarra iraun die Lehentasunezko mailak gizonezkoei; hirugarren igoera kateatu dute elorriarrek. Gontzal Arana jokalariaren berbetan, “ezustekoa” izan da igoera lortzea, eta “oso pozik” daude. Denboraldiko azken jardunaldian Arratiaren aurka bina berdindu ostean lortu dute igoera elorriarrek. Sailkapeneko hirugarren postuan geratu dira elorriarrak, eta Gatika eta Erandiorekin batera lortu dute igoera.
Talde lana gako nagusi
Azken urteetako lorpenen gakoa talde lana dela uste du Aranak: “Beste talde batzuen ezaugarri nagusia banakotasunak diren bezala, gurean taldea da gakoa”. Horrez gainera, herritarren babesa eta taldeko giro ona ere azpimarratu ditu. Emakumezkoen taldearen kasuan ere ezaugarri horiexek nabarmendu ditu Aranak: “Oso talde ona osatzen dute”. Horrez gainera, taldekideek izandako jarrera “gogotsua” ere azpimarratu du: “Entrenamenduetara 18-20 hurbildu izan dira, eta horrek lan egitea errazten du”.
Datorren denboraldira begira, elorriarrek ez dute erabakirik hartu. Hala ere, bi taldeek orain arte legez jarraituko dutela aurreratu du Aranak: “Taldekide gehienok jarraituko dugula uste dut”. Helbururik ere ez dute zehaztu elorriarrek. “Itxaropentsu” agertu arren, Aranaren berbeta,n Ohorezko Mailarako jauzia igarriko du Elorrioko futbol taldeak: “Sufritzea tokatuko zaigula uste dut”. Emakumezkoek ere maila aldaketa igarriko dutela iritzi du Aranak: “Aurten erraz irabazi dute txapelketa, alde handiagaz, baina jauzi handia dago Bigarren Mailatik Lehendabiziko Mailara”.