Mongoren disko aurkezpena eta Haitiren aldeko jaialdia

Anboto 2011ko eka. 8a, 09:33

Plateruenean, ekainak 10ean, Mongo musikariak bultzatutako ekimena 

Plateruenean, ekainak 10ean, Mongo musikariak bultzatutako ekimena. 

Bost euroko sarreratik batutako diru guztia Haitira bidaltzea zutabe duen jaialdia da ekainaren 10ean Plateruenean ospatuko dutena. Xabier Elías “Mongo” musikaria bultzatzaile izan duen ekimena da ahotan darabilguna, eta 10 musikarik eta Durangoko 20 antzezle eta dantzarik hartuko dute bertan parte.

Mongok eta parte hartzen duten musikariek, dantzariek zein teknikariek ere  “ezinegon bat” konpartitzen dutelako batu dira irabazi ekonomikorik bilatzen ez duen jaialdi honetan. Bizkaiko ENHEren bitartez, Vía Campesinaren aldizkari batean egiten du Mongok kazetari lana, eta Haitiko lurrikarraren ondoren hango nekazarien elikadura subiranotasunaren alde abiatutako kanpainagaz egingo dute bat.

Jende oso gaztea bildu du Mongok inguruan, gizartea aldatzeko gogotsu dagoen “harrobia”, bere berbetan. Kontzertua bideoan jasoko du Ibai Elortzak, eta kontzertuaren grabazioa ere egingo dute disko batean jasotzeko: David Vallejo eta Karlos Gomezek burutuko dute lan teknikoa.

Artearen bitartez gizarte sentsibilizazioa lantzea da jaialdiaren muina: “Arteari zentzu sozial eta politikoa ematea”. Inguruko artistek oso ondo hartu dute ekimena.

Bigarren diskoari beste zentzu bat zelan eman pentsatzen jarrita, eta lehenengo diskoa disketxe bategaz kaleratu bazuen hau era independientean egitea erabaki du blueslariak. Zentzu sozial bat eman gura zion proiektu berriari, eta Txoribigun sortu du.

“Sistema injustu honen aurrean daukagun pasibotasunari eta sumisioari erreferentzia egiten dion hitz asmatua da”, diskoari izena ematen dion txoribigun berba, espainolezko “mingafría” hitzaren itzulpena, Mongoren berbetan. “Ezer egiten ez dugun artean denok gara txoribigun”, diosku. “Elkartzea ezinbestekoa” dela azpimarratu du musikariak, eta artea produktu salgarri baino gehiago, ideiak zabaltzeko bidea izan daitekeela defendatzen du.

Historian zehar haitiarrek jasandako zapalkuntza salatzeko modua ere bada jaialdia. Haiti: zapalkuntza eta erresistentzia paradigma berbaldia eskainiko dute, ekainaren 7an, Eva Mañez kazetari eta argazkilariak, Via Campesinako Paul Nicholsonek eta Xabier Elíasek, Plateruenean.

Argazkiak proiektatuko dituzte, aktoreak eta dantzariak eta musikariak egongo dira oholtzan. Kanta “bluesero edo rokeroak egongo dira”, baina baita tarte intimo eta espiritualagoak ere; gizarteari zein norbere barruari begirako kantak.

Azken bi-hiru urteetan sortutako kantak dira datorren barikuko zuzenekoan grabatuko dituztenak. “Bluesaren erritmoak beltza” ipintzen diela kantei azaldu digu Xabier Elíasek, eta “zuria jazz ukitu intimoagoak”. Letretan ere mezu inkonformista eta mina adierazten duten olerkiak ageri direla kontatu digu musikariak. Barrutik atera legez, “akatsak egiteko beldurrik barik” eta inprobisaziorako, magiarako, aukera zabalik utzita jardungo dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!