DRTren 25.urteurrena dela-eta, errugbiaren eguna ospatuko dute zapatuan Durangon. Goizetik hasita ekimen ugari egongo da egun osoan.
Ospakizun garaia da eskualdeko errugbi taldeentzat. DRTk eta Elorrioko errugbi taldeek 25 eta 30 urte bete dituzte aurten, hurrenez hurren. Biek ala biek, bereizten dituen ezaugarri bat dute; lehiaz gainera, bestelako baloreak zabaltzen dituzte.
Urteurren horiek ospatzeko bi jai egun prestatu ditzute datozen asteetan. Lehenengoa bihar, Durangon; DRTren 25. urteurrena ospatzeko, egun osoko jaia ospatuko da. Goizeko 12:00etan hasita, adin guztietako jendearentzako ekimenak antolatu ditu horretarako eratu den batzordeak. 12:00etan, puzgarriak egongo dira txikienentzako; ostean, bazkaria egongo da.
Bazkalostean, Abadiñoko Banarte antzerki taldekoek monologoak eskainiko dituzte. 19:30ean hasita, Trikizio taldeak dantzaldia eskainiko du. Ekimenok Landako Gunean izango dira. Antolatzaileen batzordeko kide den Gotzon Gomezen berbetan, biharko jaialdia urteurrenaren “inflexio puntua” da. Hain zuzen ere, iazko abenduan hasi ziren urteurrena ospatzeko ekimenak antolatzen; nesken euskal eta kataluniar selekzioek elkarren aurka jokatu zuten Arripausuetan. Ordutik, zine-kluba ere egin dute hainbat bider. Beteranoen partidua ere jokatu zuten.
Ekaineko lehenengo hamabostaldian erakusketa jarriko dute San Agustin aretoan. Argazki eta kamisetek osatuko dute erakusketa, eta Gomezen, berbetan, “ikusgarria” izango da. Taldeak mende laurdena bete duela ospatzeko, liburu bat ere kaleratu dute. “25 urteotako bizipenak biltzea izan da gure asmoa”, dio Gotzon Gomezek. Liburuok, biharko bazkarian, erakusketak irauten duen egunetan eta tabernan salduko dira, lau euroan.