Goi mailako saskibaloia egongo da martitzenean, Landakon. Emakumezkoen euskal eta kubatar selekzioek elkarren aurka jokatuko dute. Bi taldeak momentu “onean” helduko direla azaldu du Luis Ledesma euskal selekzionatzaileak; hain zuzen ere, etxeko taldeak IV. Nazioen Txapelketa jokatzetik datoz. Kubatarrak, ostera, Europan barrena biran daude, aurre olinpikoa prestatzeko asmoagaz. Miren Agirreigokoa jokalariaren berbetan, taldea “pozik” etorri da Durangora. “Partidu gaitza izango da, baina gogoz gatoz”. Partidua 19:30ean hasiko da, eta sarrera doakoa izango da. Antolatzaileen berbetan, jendea Landakora hurbiltzea eta saskibaloiaz gozatzea bilatzen dute horrela.