Maiatzaren 26ko Durangaldeko bertsolarien saioak itxiko du DF Bertsozale Eskolaren aurtengo eskaintza.
Iratxe Ibarra, Gorka Lazkano, Eneko Abasolo “Abarkas” eta Unai Iturriaga bertsolariak batuko dituen bertso saioak emango dio amaiera maiatzean Durangoko Plateruenak hartu duen DF bertsozale eskolaren hirugarren edizioari. Maiatzaren 26an, 20:00etan, Plateruenean bertan ipini dute azken saiorako hitzordua.
Iñaki Murua bertsolari gabiriarraren binakako saioei buruzko berbaldiak zabaldu zuen DF Bertsozale eskolaren aurtengo edizioa. "Bertsoaldiak komentatuz" eskaini zuen Muruak bere hitzaldia, eta halaxe egin zuen atzo Platerueneko bigarren saioan jardun zuen Amaia Agirre bertsolariak ere: bakarkako lanari buruz jardun zuen Agirrek atzo.
Bertsogintzaren inguruko dibulgazioa egiteko helburuz, berbaldi formatuko saio bi eta eskualdeko bertsolariekin eguenean egingo duten saioa antolatu dituzte Platerueneko DF bertsozale eskolan aurten.