Hamalaugarren edizioa du Durangoko Euskal Asteak; aukera zabala dakar egitarauak.
Bihar hasi eta ekainaren 18ra arteko egitaraua aurkeztu du udaleko Kultura Sailak Euskal Astearen XIV. edizioa ospatzeko. Aurreko urteetan legez, herrian lanean diharduten 20 elkarteren kolaborazioari eskerrak osatu dute Durangoko kale, plaza eta kulturguneak askotariko kultur eta kirol adierazpenez beteko dituen programazioa.
Ia hilabeteko egitarauak jasotzen dituen ekintza eta eskaintzen artean, dantza, musika, kirola, arte plastikoa eta gure tradizio kulturaleko beste hainbat osagai berreskuratzeko helburuagaz antolatutakoak daude.
Udaletik hedabideetara igorritako oharrean, nobedade bi nabarmendu dituzte aurtengo Euskal Asteko eskaintzank: Durangoko Orfeoiak antolatuta maiatzaren 27an Plateruenean jokatuko duten Haur Kantari
Txapelketa, batetik, eta Euskal Herriko Trikitixa Eguna, bestetik
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatzen duen jaialdia da ekainaren 4rako Euskal Astearen egitarauak jasotzen duen hori: trikitixa sustatu eta hedatzea helburu hartuta, Durango instrumentu horren zaleen bilgune bilakatu gura dute ekainaren 4an. Trikitixa eskoletako ikasle eta musikariak batuko dira Durangon.
Ekainean zehar, umeendako jolas tradizionalak eta meatzarien jolasak, organo eta kantu Gregoriano kontzertua, Durango Hiria txistu lehiaketa eta AIKO taldeak antolaturiko Dantzari Dantzazale Eguna ere izango dira Durangoko Euskal Astean.