Maiatzaren 20an, 22:00etan, eta 22an, 20:30ean, Durangoko San Agustin kulturgunean eskainiko dute \'Txakurtxikirik ez\' lana irailetik Kurutziaga ikastolako antzerki tailerrean jardun duten gazteek. Maiatzaren 12an zabalduko dute tailerra sortu zenetik honako mende laurdenaren errepasoa egiten duen erakusketa ere
Eraz aldizkarian orain hamasei urte argitaratutako argazkia da aldamenekoa: hamar urte lehenago sorturiko Kurutziaga ikastolako antzerki tailerraren osasun onaren erakusle da irudia.
Hogeitabost urte bete ditu aurten Kurutziaga ikastolako antzerki tailerrak.
Urteurrena dela-eta, ikasturte honetan prestatu duten Txakur Txikirik Ez antzezlanaren emanaldiaz gainera, 25 urte hauei buruzko erakusketa eta bideoa ere osatu dituzte azken hileetan, urteurrenari begira.[imgd]http://www.anboto.org/images/9300/9321/1.jpg[/imgd]
Elena Fernandezek koordinatu duen erakusketan, mende laurden honetan tailerrean sorturiko antzezlanen argazkiak, emanaldietarako sorturiko elementu plastikoak eta tailerrean jorratzen duten sorkuntza prozesua eta ikuspegi pedagogikoa azaltzen duen Dabid Maezturen filmazioa ere izango da Durangoko San Agustinen ikusgai.
Azkeneko urteetan, Urkuletaseko bainuetxea edo Jar dezagun mundua hankaz gora lanak prestatu eta eskaini dituzte ikastolako antzerkigile gazteek. Aurten, maiatzaren 20an, San Agustin kulturgunean eskainiko dute irailetik prestatzen jardun duten lana.
Orain 25 urte, ordutik antzerki tailerraren koordinatzaile lanetan jardun duen Txotxek kontatu digunez, \"hizkuntza normalkuntza plana\" ipini zuen Hezkuntza Sailak martxan. Mintzamena bultzatzeko hainbat egitasmo abiatu zituzten ikastetxeetan: bertsogintza, irratigintza eta antzerkigintza taldeak sortu zituzten.
Antzerkigintza amateurrean zebilen Txotxek hartu zuen Kurutziaga ikastolako antzerki tailerra koordinatzeko ardura. Tailerrean parte hartzeko interesa zeukaten ikasleek izena eman eta zozketa burutzen zuten gero taldea osatzeko. Eskaintzak gazteengan zeukan interesa ikusita pentsatu zuten eskaintza zabaltzea.
Horrela lortu zuten, gero, hezkuntza curriculumeko beste arlo batzuekin —euskara, plastika eta musika arloekin— uztartzea antzerkigintza. Gaur egun, plastika, gorputz hezkuntza eta musika ikasgaien orduetan lantzen dute antzerkigintza, eta ikuskizun bat aurkezten dute urtero.
DBHko bigarren mailako ikasleei zuzendurikoa izaten da antzerkigintza tailerra, eta berrogeitik gora gaztek hartzen du urtero-urtero pare; 44 ikaslek aurten.
Hogeita bost urte hauen \"metafora\" legez aurkeztu digute maiatzaren 20an San Agustin kulturgunean eskainiko duten Txakur Txikirik Ez antzezlana.
Titiritero talde bat da Txakur Txikirik Ez obra honen protagonista, eta \"25 urtez herriz herri funtzioak eskaintzen egindako lanak merezi duen ala ez\" da antzezlanean oholtzaratzen duten galdera eta hausnarketa.
Inprobisazioa, desinhibizioa, irakurketa eta abar jorratzeari ekiten diote ikasturte hasieran tailerrean, eta ondoren hasten dira obraren gainean lan egiten.
\"Antzerki tailerraren proiektua ez-sexista eta ez-lehiakorra da, eta, gainera, beste arlo batzuk lantzea ahalbidetzen duenez, zeharkako helburu pedagogikoak lantzen ditu\", azaldu digu Txotxe proiektuaren koordinatzaileak. Hizkuntza eta talde giroa lantzeko, emozioak kaleratzeko, antzerkia baliabide aproposa dela erakutsi dute Kurutziaga ikastolan urteok.
Ikasleen arteko hartu-emanak lantzeko bide: antzerkigintza
Ikastolako plastika gela bilakatzen dute obrarako atrezzoa eta eszenografia sortzeko gune; antzezlanetan baliatzen dituzten hankapaluak erabiltzen gimnasioan ikasten dute, eta dramatizazioa eta musika ere jorratzen dituzte. Arteagazko eta sorkuntzagazko harra sortzen zaie ikasleei guneotan.
Ikastolan barneratua, curriculumean jazoa dute Kurutziagan antzerkigintza; arteagaz daukan lotura zuzenaz gainera, tailerra taldeko hartu-emanak lantzeko eta zeharkako hainbat gai lantzeko era ere bada. Ikuspegi pedagogikotik ere hainbat baliabide eskaintzen dituen gaia da antzerkia, onura eta emaitza nabariak dakartzana.