Pentsamenduaren Poesia zikloa hasiko da gaur

Anboto 2011ko mai. 5a, 08:27
Juan Kruz Igerabideren berbaldiak zabalduko du gaur aurtengo zikloa; bihar izango du jarraipena
Juan Kruz Igerabideren berbaldiak zabalduko du gaur aurtengo zikloa; bihar izango du jarraipena. Gaur burutuko dute Pentsamenduaren Poesia jardunaldien aurtengo lehenengo saioa, Durangon. Laugarren urtea da Durangoko Arte eta Historia Museoan ziklo hau antolatzen dutena. Aurten, San Agustinalde kaleko museoan barik, Kurutzesantu Museoan egin dute poesia jardunaldiaren iluntze bietako hitzordua. Juan Kruz Igerabide idazle gipuzkoarrak Parmeniada izeneko berbaldiagaz zabalduko du gaur Pentsamenduaren Poesia jardunaldien laugarren edizioa, eta, aurreko urteetan legez, soka instrumentuen doinuek lagundutako poesia errezitaldia izango dute bertaratutakoek gozagarri; Jon Makuso bibolin-jotzaileak jardungo du bihar iluntzean ere poeten berbak laguntzen. Maiatzaren 6rako, bihar iluntzerako, Manuel Cruz filosofoa gonbidatu dute berbaldia eskaintzera: El pensamiento, entre la belleza y la utilidad izenburuko hitzaldia eskainiko du. Berbaldiaren ondoren euren olerkien irakurraldiak egitera etorriko dira Edorta Jimenez, Josune Muñoz eta Jose Luis Padrón idazleak, eta bibolinagaz lagunduko ditu Jon Makusok. Orain lau urte, antolatzaileen berbetan, \"pentsamenduaren, arrazoimenaren arabera sortu eta ordenatutako berbak poeta eta pentsalarien ahotik zuzenean jasotzeko aukera\" eskaintzeko asmoz antolatu zuten jardunaldia finkatu egin da Durangon; bere leku bihurtu da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!