Maiatzaren 1era arte Durangoko Ezkurdiko aretoan daude Michel Tytgat artistaren margogintzako ibilbide oparo eta anitzaren isla diren koadroak
Maiatzaren 1era arte Durangoko Ezkurdiko aretoan daude Michel Tytgat artistaren margogintzako ibilbide oparo eta anitzaren isla diren koadroak.
Figuraziotik abstraktura, emakumearen gorputzaren biribiltasunetik igarota izenburuagaz antolatu du 1949an Lillen jaiotako Michel Tytgat margolariak bere ibilbidearen isla diren koadroen erakusketa.
Maiatzaren 1era arte, Durangoko Ezkurdi aretoan izango da erakusketa zabalik.
Egileak erakusketaren izenburuan jaso duen legez, artistaren hasierako lan figuratiboekin abiatu eta azken hamarkadan burutu dituen sorkuntza abstraktuagoekin ixten da erakusketa: 60ko hamarkada amaieran eta 70eko hamarkadan zehar arkatzez eta formatu txikian osaturiko gorputz biluzien margoak dira erakusketarako bildutako zaharrenak: biluztasuna eta erotismoa oinarri daukaten lanak.
Erakusketan barneratuz, urteek aurrera egin ahala margolariak hartzen dituen esperimentaziorako bideak dauzkagu ikusgai: collage-ak, margo koloretsuekin egindako paisaiak, azken hamarkadan jorratzen diharduen pintura abstraktua...