Junkera, Amuriza eta Leioa Kantika abesbatza, bizi-bizi

Anboto 2011ko api. 30a, 09:25

Durangaldean oso ezagun zaizkigun Dantzari Dantzaren doinuak oinarri hartuta Xabier Amurizak, Kepa Junkerak eta Leioa Kantika koralak sortutakoa da maiatzaren 7an Durangon ikusgai izango dugun \'Beti bizi\'

Durangaldean oso ezagun zaizkigun Dantzari Dantzaren doinuak oinarri hartuta Xabier Amurizak, Kepa Junkerak eta Leioa Kantika koralak sortutakoa da maiatzaren 7an Durangon ikusgai izango dugun \'Beti bizi\'. Xabier Amuriza bertsolariaren, Kepa Junkera musikariaren eta Basilio Astúlezek zuzentzen duen Leioa Kantika koralaren elkarlanetik sortutako proiektuaren zuzeneko emanaldia da maiatzaren 7an San Agustin kulturgunean entzungai izango duguna. Asteon Asturiasen disko baten zuzeneko grabazioan kolaboratzen jardun duen Kepa Junkerak azaldu digu Beti bizi proiektua zertan datzan. Bermeon eskaini zuten lehenengoz zuzeneko emanaldia, eta Glasgow-ko Celtic Connections jaialdian ere hartu dute parte. Durangoko emanaldiaren aurretik, Leioan egongo dira zapatuan. \"Musikak eman didan pribilegioa da hauek bezalako sortzaileekin lan egin ahal izatea\", azpimarratu digu lehenengo Junkerak. Ondoren azaldu digu, kopla tradizionalen inguruko Xabier Amurizaren ideia batetik sortu zela Beti bizi:,\"guztiok ezagutzen ditugun melodiak moldatuz\". Kopla tradizionalak Dantzari dantzaren erritmoetara ekarri zituen Amurizak, eta material horregaz jardun du ondoren Junkerak. Jose Luis Canal musikariagaz elkarlanean musikatu ditu Beti bizi diskorako kantak Kepa Junkerak, eta Xabier Sarasolaren konponketekin, \"forma berria\" eman diete elementu horiei guztiei. Leioa Kantika koralagaz, abesbatzen egitura tradizionaletik bereizten diren proiektuetan parte hartzeko irrikagaz dagoen talde gazteagaz, elkarlanean aritzea ere oso interesgarri egiten zaiola ere azpimarratu du trikitilariak. Amurizak berreskuraturiko koplak, programazioak, abesbatza garaikidearen ahots eta mugimenduak eta Junkeraren musika uztartuta sortutako ikuskizuna da maiatzaren 7ko Beti bizi: hogeitik gora lagunek hartuko dute parte San Agustin kulturguneko emanaldian: hamabost lagunek osatzen duten abesbatza eta zuzendaria, Xabier Amuriza bertsolaria eta Kepa Junkeraren talde osoa batuko dira. Amurizagaz elkarlanean aurretik ere aritua dela eta \"alde pertsonaletik zein profesionaletik asko miresten eta errespetatzen\" duela aitortu digu Junkerak.

Elkarlana ikasbide

\"Formazio musikal akademiko arrunta ez daukadanez, deneriko musikariekin jardutea ikasbide oso inportantea izan da beti niretzat\", diosku Junkerak. Bere ibilbideak erakusten du esparru eta jatorri askotako musikariekin kolaboratzea zenbat baloratzen duen: \"Zure musikaren gaineko besteen ekarpenak jaso ahal izatea oso da betegarria\". Durangaldean oso ezagunak zaizkigun melodiak eskaintzen dituzte Beti bizi proiektu honetan: Launangoa, Txotxongiloa, Aita San Migel, Arkudantza... Errepertorio hori gurean hain errotua dagoelako, Durangoko maiatzaren 7ko emanaldiak \"ilusio berezia\" egiten diola azaldu digu Junkerak. Ikuskizun berezia dela Beti bizi, eta \"musikaz gozatzea gogoko duenaren gustukoa\" izango dela ziurtatu digu musikariak. Maiatzaren 7an Durangon izango dugu, baina, aldi berean, beste hainbat egitasmotan ere badihardu trikitilari bilbotarrak: maiatz amaieran edo ekain hasieran kaleratuko duen disko berriari azken ukituak ematen dabil azken hileotan. Berak sortutako kantak, ikuspuntu \"are irekiago\" batetik sortutakoak, bilduko ditu Junkeraren disko berriak.

Kopla zaharrak dantza erritmo tradizionaletara moldatuta

Bertsozale elkartearen enkarguz aspaldi hasitako lana da Beti bizi diskoaren abiapuntuko Bizkaiko koplen bilketa: bi milatik gora kopla batu eta liburuan argitaratu zituen Xabier Amurizak. Testu horiek beste euskarri batean eskaini eta zabaltzeko, Tapia eta Leturiagaz elkarlanean Bizkaiko kopla zaharrak izeneko diskoa ere kaleratu zuen bere garaian. Zerrenda luze horretatik, \"kalitate handikoenak\" irizten dien beste hainbat kopla ere diskoan eskaintzeko helburuagaz, Kepa Junkeragaz elkarlanari ekin zion. Beti bizi disko honetarako, koplak Bizkaiko dantza doinuen erritmora moldatzea bururatu zitzaiola kontatu digu Amurizak: Dantzari dantza serieko doinuetara egokitu zituen testuak. Plazan letrarik barik entzutera ohituta gauden Aita San Migel, Banangoa eta Binangoa lakoak dira Beti bizi diskoaren doinu eta erritmo oinarriak. Beti-bizi diskoan bildutakoak, eta maiatzaren 7an Durangoko San Agustin kulturgunean eskainiko dituztenak, \"dantza erritmoetara egokitutako kopla zaharrak\" dira, Xabier Amurizaren berbetan; kopla zaharrak kantatzeko eta entzuteko modu berria eskaintzen dutenak. Leioa Kantika koralaren eta Kepa Junkeraren Durangoko emanaldian aurkezle lanak egingo ditu Xabier Amurizak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!