Maria Bazan garaile Euskadiko Txapelketan

Anboto 2011ko api. 14a, 11:39

Bazan gazte durangarrak Euskadiko txapelketa irabazi zuen 15 urtez azpiko mailan. Eider Vivancok, berriz, hirugarren amaitu zuen

Bazan gazte durangarrak Euskadiko txapelketa irabazi zuen 15 urtez azpiko mailan. Eider Vivancok, berriz, hirugarren amaitu zuen. Apirilaren 8an Errenterian ospatu zen Euskadiko Judo Txapelketa Maria Bazar durangarrak irabazi zuen; Bazan 15 urtez azpiko mailan lehiatu zen. Maila berean aritu zen Eider Vivanco durangarra ere. Vivancok, berriz, hirugarren amaitu zuen. Garaipen horri eskerrak, Bazanek euskal taldea ordezkatuko du Espainiako Txapelketan. Txapelketa maiatzaren 6tik 8ra jokatuko da Formenteran (Balear Uharteak). Urte osoan zehar eginiko denboraldiari sari lakoa da Espainiako Txapelketan parte hartu ahal izatea Monika Muñoz Durangoko Judo Taldeko koordinatzaileetako baten berbetan. Bere arabera, esperientza ona izango da bidaia Maria Bazanentzat: \"Gure nahia Mariak jendea ezagutzea eta esperientzia disfrutatzea da, horrekin konformatzen gara\". Hala ere, lehiatuko dela ere aurreratu gura dute. \"Hasiera batean, gainerakoek daukaten besteko aukera dauka\". Bazanen emaitza goraipatzeaz gainera, taldeak eginiko lana ere nabarmendu gura izan du, Muñozek. Honen berbetan, duela zortzi urte Iñaki Salasek taldearen gidaritza hartu zuenetik asko aldatu dira gauzak. \"Taldea ia desagerturik zegoela hartu genuen, eta orain oso sendo gabiltza\". Zortzi urte horietan harrobia lantzeari ekin diote durangarrek; Maria Bazan eta Eider Vivanco egindako apustu horren adibide garbia dira. Muñozek adierazitakoaren arabera, biak sei-zazpi urtegaz hasi ziren, eta gaur egun klubean jarraitzen dute. \"Urte horietan egindako lanaren fruituak jasotzen gabiltza orain\". Aurrera begira, berriz, nagusiagoen taldeak sortzea dute helburu.

Bizikidetasun egunak

Taldearen kohesioa indartzeko eta judoaz gehiago gozatzeko asmoagaz, bizikidetza egunak antolatu dituzte judo taldekoek. Hilaren 18-20 bitartean Gorozikara bidaiatuko dute Durangoko, Gernikako eta Getxoko judo taldeetako 30 ume inguruk. Entrenatzeaz gainera, hartu-emanak landuko dituzte.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!