XVIII. Durangoko Pasiñoa antzeztuko dute

Anboto 2011ko api. 20a, 09:22

Ehun antzezlek hartuko dute aurten parte apirilaren 20, 21 eta 22ko antzezpenetan

Ehun antzezlek hartuko dute aurten parte apirilaren 20, 21 eta 22ko antzezpenetan Ohitura dutenez, Durangoko Kurutziaga Hotelean batu ziren Juan de Iciar kultur elkarteko kideak eta Pasiñoaren antzezpenean parte hartu zuten hainbat durangar, aurtengo edizioaren aurkezpenera. Txema Asategi elkartearen lehendakariak azaldu zuenez, 50.000 euroko aurrekontuagaz antolatu dute aurten Pasiñoa; Durangoko Udala du ekimenak babesle nagusia. Apirilaren 20an, 21ean eta 22an 21:15ean izango dira antzezpenak Santa Anan, eta aurkezpenean azaldu zutenez, Arco tabernan ipiniko dituzte aurten ere sarrerak zazpi euroan salgai. Otsailean ekin zieten lehenengo irakurtaldiei eta martxotik dihardute entseguak egiten, Asategik azaldu zuenez. Antzezpenean parte hartzen duten ehun antzezleak batuko dituen entsegu orokorra, berriz, apirilaren 19an burutuko ei dute.

Jesus eta Maria berriak

Iazko edizioan antzezpenaren zuzendari lanetan jardun zuen Xabier Aranak egingo du Jesusen papera, eta Izaskun Astorekak Ama Birjinarena. Lehenengoz jardungo dute Aranak eta Astorekak antzezpenaren protagonista nagusi legez, baina zortzi urte dira Pasiñoan beste paper batzuetan parte hartzen dutela. \"Dena berria delako\", urduritasun bereziagaz bizi duela aurtengo Pasiñoaren edizioa aitortu zuen Aranak. Orain 18 urtetik Durangoko Pasiñoa antolatzen duen Juan de Iciar elkartearen Asategi lehendakariak, Durangotik eta Bizkaitik kanpo datozenek \"Pasiñoaren, Durangoren eta durangarren irudi ona eraman dezatela\" dutela helburu azpimarratu zuen, eta Durangotik kanpokoek sarrerak erosi ahal izateko 656777321 telefonoa ipini dutela martxan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!