'Ilargiaren bi aldeak', zazpi urtetik gorako umeei begira

Anboto 2011ko api. 16a, 10:14

Domekan 18:00etan hasita estreinatuko du Hika Teatroak obra berria San Agustinen

Domekan 18:00etan hasita estreinatuko du Hika Teatroak obra berria San Agustinen. Apirilaren 17an Durangoko San Agustin kulturgunean eskainiko du Hika Teatroa talde donostiarrak estreinakoz Ilargiaren bi aldeak obra. \"Antzerkia, dantza eta zirkua uztartzen dituen familia osoari zuzenduriko lana\" da, egileek aurkezpen-orrian azaltzen dutenez. Gurasoek zein adin guztietako umeek gozatzeko moduko obra izan arren, sortzaileen berbetan, zazpi urtetik gorako umeek aterako diote zukurik gehien Ilargiaren bi aldeak obrari, eurendako apropos sorturiko baliabideak baitarabiltzate: eurengan pentsatuz garatu dute obraren erritmoa eta hautatu dute musika. \"Gerretara olgatuz dibertitzen\" den gaztetxo bat eta \"gerra ahaztu ahal izateko jolas egiten duena\" topatuko ditugu, orain hilabete gutxi Gorakadaren Ogro txikia antzezlana ere zuzendu duen Agurtzane Intxaurragaren dramaturgia eta zuzendaritzagaz ekoitzi duten Ilargiaren bi aldeak obra berri honetan. Ikuslego helduarentzat zein umeentzat ekoizten dituzten lanen edukia zein forma asko zaintzen du Hika Teatroak. Talde honek aurretik jorraturiko bidearen adibide dira, esaterako, 2009an estreinatu zuten Aitarekin Bidaian eta 2002an aurkeztu ondoren hainbat antzerki-sari jaso dituen Ai, Ama! antzezlanak. Orain urte bi helduentzako sortu zuten Aitarekin bidaian hartan edo Ai, Ama! antzezlanean legez, Arantxa Iturbe kazetari eta idazleak eta Agurtzane Intxaurragak elkarlanean sorturikoa da Ilargiaren bi aldeak honen testua. Miren Gaztañaga eta Amaia Pascual aktore-dantzariak eta Maider Yabar aktore-akrobata arituko dira domekan, Durangoko San Agustin kulturguneko oholtzatik, eta Uxue Alberdi idazlearen kolaborazio berezia ere izan dute estreinatzear duten obra honetan. Elkarrekin jolastea gaitz egiten zaien ume bi dira obraren protagonista, eta \"irudi, erritmo eta egoera inguratzaileak\" baliatzen dituzte sortzaileek, \"gerretara jolastuz benetan dibertitzen zara?\", galdetzeko ikus-entzuleei.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!