Aurten lehenengoz antolatu duten Kantulagun-en lau saioetako azkena da hilaren 28koa. Maiatzean kantu bazkaria egingo dute
Aurten lehenengoz antolatu duten Kantulagun-en lau saioetako azkena da hilaren 28koa. Maiatzean kantu bazkaria egingo dute
Apirilaren 28an, 20:00etan hasita, Iñaki Etxezarraga musikari berriztarra izango da Plateruenean aurten lehenengoz antolatu duten Kantulagun ekimenaren azkeneko gonbidatua.
Urtarrila, otsaila eta martxoko Xabier Amurizaren, Josu Zabalaren eta Mikel Markezen saioen ondoren, denboraldiko lau emanaldietan azkena da apirilaren 28ko Plateruenekoa.
Berbaro euskara elkarteak eta Plateruenak antolaturiko ekimenaren aurreko hiru saioek oso harrera ona izan dute herritarren artean: 120 lagunek eman dute batez beste saioetan izena, eta oso giro polita sortu da kantagintzaren aitzakian.
Euskal kantutegiko ale ezagunak biziberritzeko eta ez hain ezagunak ezagutu, ikasi eta gozatzeko modua eduki dute saiootako parte-hartzaileek. Apirilaren 28ko hitzordurako, kultura@plateruena.net helbidean egin daiteke doako izen-ematea.
Kalejiran, kantuan
Maiatzaren 28an izango dute irailera arteko azken hitzordua kantuzaleek; 13:00etan Santa Ana plazatik Plateruenerainoko ibilbidea egingo dute kantuan, eta kantu bazkaria egingo dute bertan. Ondoren, irailean, ikasturte berrian ekimenagaz jarraitzeko asmoa agertu dute antolatzaileek.
Kantulagun ekimen honen lehenengo edizioari Durangaldeko kantuzaleek egin dioten harrera beroa aitzat hartuta, beraz, jarraipena emango diote.