"Hamarkada ikuspuntu kritiko batetik aztertu dute elkarrizketatuek"

Anboto 2011ko api. 14a, 10:08

Zilar Astearen barruan aurkeztuko dute gaur, San Agustin kulturgunean, Unai Iturriagak zuzendu eta Bideografik-ek ekoitzi duen \'Durango 80\' dokumentala

Zilar Astearen barruan aurkeztuko dute gaur, San Agustin kulturgunean, Unai Iturriagak zuzendu eta Bideografik-ek ekoitzi duen \'Durango 80\' dokumentala[imgd]http://www.anboto.org/images/9100/9198/1.jpg[/imgd] Gidoigile aritua zara aurretik. Zelako esperientzia izan da dokumentala zuzentzea? Lehenengo aldia izan da honelako dimentsioko gauza batean jardun dudana. Lan handia izan da, bolumen handia hartu duena azkenean: hogeita bi elkarrizketa egin ditugu, hogeita hamar lagun guztira, hamabost gai jorratzen dira... Luzea izan da prozesua, edizio laneko azken aste biak astunak izan dira, baina polita izan da. Zelan sortu zen lanerako ideia? 80ko hamarkadagaz lotuta dokumentala egiteak merezi zuela pentsatuta, iazko Zilar Asteko ikuskaria grabatu zuen Bideografik-eko jendeak prestutasun osoa agertu zuenez, eurengana jo genuen. Grabazio orduetatik aukeraketa egitea gaitza izan da? Hamabost gai dira; sakontzen hasiz gero bakoitzagaz dokumental bat egiteko lain... Guztira, 40 ordu baino gehiago geneuzkan. Editatuta, ordu bat eta hogei minutuan utzi dugu azkenean. Lehenengo pertsonan bizi izan zenuen zuk sasoia? Bigarren pertsonan edo... 1974an jaiotakoa naiz, eta 80ko hamarkadaren amaieran hasi nintzen bertsotan-eta kalera ateratzen. Etxeko anaia gazteena naiz, eta egia da horrek ere egiten duela garaia beste bide batetik etxera sartzea; gauzak heltzen zaizkizu, nahiz eta zuk lehenengo pertsonan bizi ez. Durangar oso ezagunak agertzen dira dokumentalean. Bai, Jose Julian Bakedano bat eta bakarra da, esaterako; ordezka-ezina. Mikeldi aldizkariari buruz berbetan Edu Barinaga agertzen da... Azpimarratu gura nuke, aukeraketak beti direla subjektiboak, eta inoiz besteren batek hamarkada honi helduko balio, beharbada beste pertsona batzuei galdetu eta beste istorio batzuk aterako lituzkeela. Aurreiritziak eta mitoak apurtzen dituzte elkarrizketatuek? Elkarrizketatu guztiek gura izan dute ihes egin mitifikaziotik; hori horrela da, bai. Agertzen diren gai guztietan, errebisio kritiko bat egiten dute elkarrizketatuek. Esaterako, urte askoan tabu izandako drogen eraginaren gainean jendeak daukan berba egiteko modua oso interesgarria da. Benetako triskantza eragin zuen heroinak inguruetan legez Durangon, eta eragin zuzena eduki zuen herri mugimenduetan. Elkarrizketatuetako batek esaten duen moduan: "Diktadura batetik gentozen, askatasuna agertu zen bat-batean, eta askorentzat ez zen erraza askatasuna zelan kudeatu asmatzen". Hamarkadak aurrera egin ahala itzali zen leherketa hura? Sorturiko hainbat proiektu desagertu ziren hamarkada amaierarako, eta azkenetan zeuden beste hainbat. Modu espontaneoan, herritarrengandikik, gogoa zegoelako, ezer ez zegoelako... sortu ziren proiektu asko. Egoera historiko oso berezia zen: udalak osatzeke zeuden... Gauza askoren amaiera, herritarrek sortutakoaren esparrua instituzioak hartzen hastean etorri zen. Ia elkarrizketa guztietan aipatu didate hori. Gogoetarako gai asko ematen ditu dokumentalak. Dokumentalean ez da moralik edo lekziorik zabaltzen, batetik, nire asmoa ez zelako hori, baina, batez ere, elkarrizketatuen jarreragatik. Nik uste dokumentalean badaudela antolakuntza-desantolakuntza, kontrola-deskontrola, instituzioa-herri mugimendu, drogak, eta abar lakoei buruzko gogoetarako gaiak... Bakoitzak ikusi eta baloratu beharrekoak. Zer ikuslerentzat izan daiteke interesgarria lana? Bizi izan zutenentzat, eta euren guraso zein seme-alabentzat ere oso aberasgarria izan daitekeela uste dut: diru gutxigaz eta inplikazioagaz gauza handiak egin daitezkeen adibide interesgarriak daude, esaterako.

Bideografik ekoiztetxeak landu du proiektuaren alde teknikoa

"Sarrionandiaren lanari buruzko iazko Zilar Asteko ikuskaria grabatu genuen, eta haren editatze lanetan genbiltzala egin ziguten honetan parte hartzeko proposamena", azaldu digu Bideografik ekoiztetxeko Dabid Maeztuk. Durango 80 dokumentala osatzeko, lan-talde teknikoa osatu du Bideografik-ek; grabazioak eta post-produkzioa burutu dituzte. Kameralari lanetan Dabid Maeztuk, Eukeni Arriortuak eta Bittor Zabalak jardun dute. Bi kameragaz egin dute grabazioa: bategaz irudi orokorra eta besteagaz plano laburragoak hartu dituzte. Irudia eta soinua, bakoitza bere aldetik landu dute: Audion enpresako lagun bik hartu dute soinuaren ardura. [imgd]http://www.anboto.org/images/9100/9198/2.jpg[/imgd] "Elkarrizketetarako set finkoa prestatu genuen", dio Maeztuk, "eta hiru astean egin genituen grabazioak". Elkarrizketatu bakoitzagaz ordu erdiko grabazioa egin zuten, batez beste, eta Bideografik-eko Xabier Zabala lankideak beste hiru astean burutu du, ondoren, post-produkzioko lana. Durango 80 dokumentalean parte hartzea oso aberasgarria izan da lan-taldearentzat, Bideografik-ekoek diotenez: "oso gazteak ginen 80ko hamarkadan, eta dokumentalean agertzen diren hainbat kontu ez genituen ezagutzen: gazte asanbladak ordurako lanean ziharduela, Herria elkarteak egiten zuen lana... Dokumentala oso interesgarri a egingo zaie durangarrei".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!