2008an sinatu zuten hitzarmena lehendabizikoz. Besteak beste, euskara sustatzea eta entrenatzaileak trebatzea dira helburuak.
2008an sinatu zuten hitzarmena lehendabizikoz. Besteak beste, euskara sustatzea eta entrenatzaileak trebatzea dira helburuak.
Bigarrenez, hitzarmena sinatu dute Tabirakok eta Durangoko ikastetxeek. Berrogeita hamar urte baino gehiagoz, leial izan zaio Tabirako bere filosofiari: soilik etxeko jokalariekin jokatzen duen talde bakarretariko bat da durangarra. Bide horri eusteko, ezinbestekoa du herriko harrobia zaintzea.
Jokalari berrien hazkuntza bermatzeko, Durangoko ikastetxeekin hitzarmena sinatu du Tabirakok; 2008an sinaturiko hitzarmena beste bi urterako luzatu dute bi aldeek. Aurrekoan bezala, Durangoko ikastetxe guztiek sinatu dute akordioa: Jesuitak, Kurutziaga, Landako, F.J Institutua, Nevers eta San Antonio-Santa Rita ikastetxeek,, hain zuzen ere. Hilario Perez Tabirakoko lehendakariaren berbetan, talde durangarrarentzako \"ezinbestekoak\" dira horrelako hitzarmenak. \"Gurea lako taldeek beharrezkoa dute harrobia, eta hori ziurtatzea bilatzen dugu horrelako egitasmoegaz\".
Eskolekin sinaturiko hitzarmenak 23 arlotan du eragina; akordio berri honetan aldaketak egon dira. Horietako batek, euskararen aldeko apustua sendotzen du; aipaturiko hitzarmenaren bidez, Tabirakok hainbat konpromiso hartzen ditu euskararekiko. Horrez gain, taldekideen artean sustatzea indartuko dute. Orotara, 550 ume baino gehiagori eragingo die hitzarmen honek.
Etorkizuneko jokalariak hezteaz gain, Perezen berbetan gabezia bat ere bete nahi du ikastetxeek eta Tabirakok sinaturiko hitzarmenak. Maila guztietako entrenatzaileak trebatzeko helburua ere badu sinaturiko dokumentuak. Perezen arabera, prestatzaile gabeziak eragina du talde kopuruan. \"Entrenatzaile gehiago bagenu, talde gehiago edukiko genituzke\". Akordioaren bitartez, entrenatzaileei trebatzeko aukera gehiago eskainiko zaie. Aurretik esan bezala, Tabirakoren asmoa etxeko jokalariekin aritzea da. Horri loturik, Hilario Perez lehendakaria argi adierazten da: \"Klubaren etorkizuna horrelako ekimenei loturik dago\".